Oroitzapenaren bidetik
Oroitzapenaren bidetik –
Doinua: Ausencia (Imanol) 11ª-11B-ra egokitua
Bi mila ta hogeiko martxoak lau
goizaldeko hiru t’erdiak bueltan,
lagunekin juerga batetik bueltan
niri gertatu zitzaidana da hau.
Gau hark ere oraindik ilun dirau
Usansolo pareko errebueltan
eta han geunden denon buruetan,
non bide lauak ez diren bide lau!
Kontzientzia moralen artisau
bat baino ez naiz odolbilduetan.
Hil ziren bi lagunen doluetan
denbora berak geldiarazi nau.
Begiak zabaldu nituenean
argi urdin batek itxi zizkidan!
Berriz zabaldu nituen segidan,
imajinatu! Istripu-gunean…
Non zauden ere ez dakizunean
eta bi lagun-hilotz zure giran…
Betirako hiltzatu zitzaizkidan
segundo hoiek etorkizunean.
Hau gainditu beharko nukenean
eta lor nezakenaren desiran,
hau dena errepikatzen da nigan
begiak ixten ditudan unean.
Oroitzapenek negarra dakarte
eta malkoa hedatzen ari da
nigandik nire inguru guztira,
non ni naizen dugun minaren parte!
Maiz ez dut ez poz eta ez aldarte,
baina joan ziren biei begira
zerbait dator nire bihotz erdira
eurak baitira nire estandarte.
Nahiz eta egon gugandik aparte,
nahiz eta joan ziren urrutira,
nire bihotzean biziko dira
bihotzak ematen didan bitarte.
Urko Egaña