Nire begietatik
Nire begietatik –
Doinua: Azken arnasa eman nahi nuke
Bertso sorta bat eskatu eta
ia bihurtu naiz harri,
boligrafoa ere eskutan
ez baitet ibiltzen sarri.
Nondik hasi ta nola bukatu,
bertsoak nora ekarri.
Eskela edo antzekoetan
nahiz eta hitzak ezarri,
irakurriko dituen bati
inoiz ez dizkiot jarri.
Lehen urratsak eman zituen
La Sallekoen eskura,
ondoren berriz bertso eskolan
lagunartea jo muga.
Adarrik adar hegan dabiltzan
txorikumeen modura,
hitzen jolasak erakarrita
sartu zen bertso mundura,
geldi egoten ikasi ez zuen
mutiko rubio hura.
Hala hasi zen herririk herri
tantaz-tanta, mantso-mantso,
zenbat bazkari, zenbat afari
zenbat puru, zenbat baso.
Gozatu ala gozaraziaz
elkarri emanaz jaso,
lanari esker putzu txikia
bihurtu zaio itsaso,
mahainguruan maitatuena
izateraino akaso.
Bare artean jaioa eta
bele artean hezia,
praile artean ikasia ta
artzain artean hezia,
lehengo mundua ta oraingoa
ontzi berean nahasia,
denetik dauka, jakinduria
karisma, txispa, grazia,
baina batik-bat nor izateko
ikuspuntu berezia.
Florentinoren sorginkeria
Igartzabalen epela
Artxanberriren odola eta
Iraolaren txapela,
Muruan hitzen dotorezia
Lazkao Txikiren papela,
goierritarren zatiak batuz
puzzle bat balitz bezala,
esan daiteke denen onena
beretzat hartu duela.
Denen onena errotan sartu,
xehetu eta erditu,
adar jotzeen maisu zaitugu,
tristeziaren mediku.
Oraindik ere goraka zoaz,
handitu eta handitu,
dena ez dedin gai triste eta
potoloetan gelditu,
bertsolaritzak ere hontako
mordoska bat behar ditu.
Historiara pasatuko haiz
Iker hik ere badakik,
Aizkorripean hire izena
idatziko dek oraindik,
etorriaren emarietan
igeri segi ezak hik,
lagun zahar honek bihotz-bihotzez
eskerrak ematen dizkik,
istori honen parte txiki bat
sentiarazteagatik.