NI
EGOITZ AIZPURU
DOINUA: ETA-REN SU ETENETIK
1.
Inor ez denez jaiotzen
eskuliburu ta guzti,
ez dugunez bereizten zer
dagoen ondo, zer gaizki,
autolaguntza liburuz
hornitu dute Eroski,
arima salbatzaileez
ta psikologoz Donosti.
Bi hankako orojale,
hegamotz eta narrasti
jaio nintzen, zuzentzeko
egonik denbora aski,
une honetan naizena
izateko seguraski.
2.
Epaile bat naiz egunez
dena da nere jomuga:
Skinetoen Martensak,
gotikoen Sepultura,
motorzaleen Alonso,
“Todo Incluido”-en Cuba,
elkar maitatzen ez duten
ezkonduen sinadura,
bertako kultura eza
ta etorkinen kultura…
Oheratzean biktima
bakarra daukat eskura
beste denak kritikatzen
libre ibili den hura.
3.
“Ni ere banaiz Ketxua,
Aimara ta Berebere!”,
nahiz eta ez dakidan non
bizi diren ziur ere…
Ezkerreko iraultzaile
etiketa hain dut nire!
Ez naiz, ustez, eskuindarra.
Ez polizi, ez errege.
Gorroto ditut hainbeste
bortxa, indar eta lege;
herri txiki zapalduen
askatasuna dut xede.
Agian ez dudalako
haiek adina botere.
4.
Ahalik eta gogorrena
gustatzen zait rockanrola;
ia bihotzeko batek
emateraino futbola.
Beldurrezko pelikulak,
biolentzia, odola…
Bolantean arriskua
abiadura, kontrola.
Ostegunez, marihuana;
Ostiralean, alkohola;
larunbatez bietatik,
igandean Cocacola…
Ta bitartean gibela
behazuna dariola.
5.
Inoiz ez dut eguzkitan
balkoi batean gosaldu,
pintxo poteo batean
ez dut denborarik galdu,
inoiz ez dut jokaera
samurregia azaldu
urtebetetze egunak
ta urtezahar gaua salbu,
inoiz ez dut guapoago
sentitu asmoz argaldu.
Definitzen naizen arren
libre, alai eta malgu,
honek sufrimendu baten
usai gehiago ez al du?
6.
Kaleetan zenbat txakur
bankuan zenbat banpiro,
gezi hilkor pozoituak
jaurtitzen dabil Kupido.
Amorrua espresatu
dezaket behin ta berriro
nere ahoan tontortu
arte mila adjetibo.
Eskuetan bi pistola
gerrian hiru latigo
munstro baten heriotza
desio dudan aldiro
nere munstroak neroni
ere egiten dit tiro.
7.
Zaldiak dauzkat etxean
zaleak nere pentsura.
Izena daukate Poza,
Barkamen, Beldur, Tristura,
Jeloskor, Harroputz, Muxu,
Antsietate, Arrangura,
Besarkada, Nagi, Gozo
Gogaikarri eta Guda.
Goizero goizero daukat
aukeratzeko ardura
zein zaldiren bizkarrean
irtengo naizen mundura.
Horren araberakoa
izango da abentura.
8.
Deabru astun xamarrak
daramatzat petatean,
deskuidatzen naizenero
jartzen nautenak jakean,
eta ezin ditudanak
ezkutatu hankapean,
nirekin egongo dira
bizirik naizen artean.
Baina deabru zaharrei
arnasik ez ematean,
indar gabe ez dakite
nola jardun atakean.
Buztana ezkutatu ta
lagatzen naute bakean.