[Muatzeko desgrazia III] Bertso berriak Azpeiti´ko urkamendiaren gainean jarriak
Bertso berriak Azpeiti´ko urkamendiaren gainean jarriak –
Bertsoak: Juan Mari Zubizarreta, Etxeberritxo
Doinua: Jose Tejeria da
Jose Tejeria da
au nere grazia,
Gipuzkoa’ko Aia’n
jaio ta azia;
tiroz aita ill nuan,
orra desgrazia,
publikatzera nua
asunto guzia.
Deabrubak animua
eman biotzera,
tiroz atrebituba
nire aita iltzera;
Donostia’ra gero
zerbait ekartzera,
egin nuen okerra
desemulatzera.
Gizonak altxa zuten
aita bizirikan,
“O, semiak galdu nau!”
berak esanikan;
gurasubak etzuban
esan gezurrikan,
gorputza ill da anima
juan mundutikan.
Paperian jarrita
alde aurretikan,
aitari zenbat eman
señalaturikan;
eske ari zan beti
aldamenetikan,
gure enredo danak
sortubak ortikan.
Aitak eskatzen ziran
legez eta bidez,
egiten niona da
agindu ta eman ez;
buru dana betia
pentsamendu txarrez,
tirua eman nion
diruaren ordez.
Soldadu arma-dunak
lotu kurioso,
baita eraman ere
Azpeiti’ra preso;
deklarazio txarrak
egiña ni oso,
libratutzeko bear
gezurra preziso.
Aurrena egon nintzan
uka fuertian,
salatzallia pranko
bazan bitartian;
gero aitortu nuen
egunen batian,
gezur guztiak ziran
neretzat kaltian.
Azpeitia’tik juan
Donosti aldera,
Gipuzkoa’ko buru
dan tribunalera;
akusatuba nintzan
Judasen legera,
gezurrak balio ez,
neretzat galera.
Andriak eta biyok
emandako itzak,
konprenditzeko ere
oso dira gaitzak;
oiek guziak ziran
gezurrezko saltsak,
aitari ezarriaz
etzituben mantxak.
Gaizki egin nuala
ondo damutzen zat,
au eskarmenturako
beste guzientzat;
munduban ez da izan
oraindikan behintzat
ume bat txarragorik
gurasubarentzat.
Donostia’n artuba
nintzan albistia
posible etzala neri
bizirik uztia;
ai ura orduko
lastima tristia!
Etzan alegratuko
nere emaztia!
Donostia’tik giñan
Azpeitia’ra etorri,
bost guardiarekin
kotxian ekarri;
kartzelan sartu eta
an nenguan larri,
sententzia tristia
zuten irakurri.
Zuzen da garbi egin
dute justizia,
badakit nuela nik
ondo merezia;
illbeltzan amaseirako
nere sententzia,
goizeko zortziretan
kentzeko bizia.
Gaiztua izan banaiz
orra sujetatu,
sententzia orrek ziran
biotza erdiratu;
Aita Aizpuru’rekin
gogoz konfesatu,
egindako okerrak
danak akusatu.
Pauso bat eziñ eman
nuan ezergatik,
bi lagun banituben
beso banatatik;
urkamendira juan
giñan kartzelatik,
borrerua begira
zeguan atzetik.
Urkamendian nintzan
eserita jarri,
nire entrañak zeuden
estu eta larri;
bizia eman bear
oso lotsagarri,
au beste guzientzat
eskarmentagarri.
Barkaziua nuan
azkena eskatu,
zergatik egiñ nuen
lenago pekatu;
orrengatik bear det
orain nik urkatu,
Jaungoikuari arren
nitzaz erregutu!
Rafa Ruedak bertso hauek musikatu zituen ZuZeu eta BIEUSEk elkarlanean egindako Euskal Gaizkileak podcasterako.