[Lehiaketa] Urre gorrizko kopa
Urre gorrizko kopa –
Gure lehen bertso idatzi lehiaketa antolatu genuen iaz, eta bertso sorta kopuru polita jaso genuenez bigarrena antolatzea erabaki genuen. Oraingoan ere asko izan zarete zeuon sorkuntzak bidali dizkiguzuenak, eta beraz… mila esker parte hartzaile guztiei! Aurrerantzean ere lehiaketa xume honi eusteko haize ufada eman diguzue.
Epaimahaikideak Mikel Mendizabal, Ekaitz Goikoetxea eta Eli Pagola izan dira, eta hartu dute hartu beharreko erabakia.
Sari ederrak jasoko dituzte irabazleek, baina sari handiena, gure iduriko, norberaren bertso sorta marrazki bilakatua ikustea da. Unai Gaztelumendi bertsolari eta marrazkilaria arduratu da ilustrazioak egiteaz.
Agindu bezala bertsoak bidali dituzuen guztiok kamiseta bana jaso duzue etxean.
Zorionak irabazleei, bejondeizuela parte hartzaile guztioi, eskerrik beroenak epaileei, eta agur bero bat sariak banatzeko ekarpena egin duten enpresa guztiei.
Hurrengo urtean gehiago!
HELDUEN KATEGORIA, BIGARREN SARIA
Iñigo Legorburu Arregi. 45 urte, Hernani.
Elkano scaperoomerako bi sarrera eta bi lagunetzako bazkaria Itziarko Hostalean. Bejondaizula, Iñigo, eta primeran pasa!
URRE GORRIZKO KOPA
DOINUA: Langile baten semea naiz ni (X. Lete)
Gimnasta gisa, ume nintzela
neska hura ahazten
ikasi nuen eta bizitza
joan zaigu lazten:
Exijentzian itoak,
gorputzari ostikoak!
Kirolarion eskubideak
ez ziren idazten …
Ai! Ziklo olinpikoak
lau urtero, betikoak
baina baztertuz funtsean garen
gorputz ziklikoak.
Gorputza soilik maitatzen dugu,
ez gorputzaldia
ta batzuentzat hilekoa da
traba nabaria.
Bost axola aldartea,
hormonak, hanka tartea
prestatzaileek Niri, emaitzak!
dute esaldia.
Ez da kasualitatea
duten inpunitatea
gu izan gabe garatzen baita
gure izatea.
Hilerokoa atzeratzeak
aurretik narama
ta gaixotasun baja hartu dut
lehen aldiz, ai ama!
Orain sei urte inguru
gorputza dut zelai-gudu
beraz, baztertuz olinpiadak
gaur akabo zama …
Saiatuta buruz-buru
denok garaile, seguru
Urrezko Kopa, urre gorrizko
bihurtzen badugu.