[Lehiaketa] Ume zailduak
Ume zailduak –
Gure lehen bertso idatzi lehiaketa antolatu genuen iaz, eta bertso sorta kopuru polita jaso genuenez bigarrena antolatzea erabaki genuen. Oraingoan ere asko izan zarete zeuon sorkuntzak bidali dizkiguzuenak, eta beraz… mila esker parte hartzaile guztiei! Aurrerantzean ere lehiaketa xume honi eusteko haize ufada eman diguzue.
Epaimahaikideak Mikel Mendizabal, Ekaitz Goikoetxea eta Eli Pagola izan dira, eta hartu dute hartu beharreko erabakia.
Sari ederrak jasoko dituzte irabazleek, baina sari handiena, gure iduriko, norberaren bertso sorta marrazki bilakatua ikustea da. Unai Gaztelumendi bertsolari eta marrazkilaria arduratu da ilustrazioak egiteaz.
Agindu bezala bertsoak bidali dituzuen guztiok kamiseta bana jaso duzue etxean.
Zorionak irabazleei, bejondeizuela parte hartzaile guztioi, eskerrik beroenak epaileei, eta agur bero bat sariak banatzeko ekarpena egin duten enpresa guztiei.
Hurrengo urtean gehiago!
HELDUEN KATEGORIA, LEHEN SARIA
Iñigo Legorburu Arregi. 45 urte, Hernani.
Asteasuko Otabardi landetxean bi lagunentzako afaria, ostatua eta gosaria. Bejondaizula, Iñigo, eta primeran pasa!
UME ZAILDUAK
Doinua: Habanera
Eskolaz kanpokoetan
judoa ta yoga landu
etxean inglesa edo
solfeoa gogoz zaindu.
Zuek berriz enpresaren
esanetara otzandu:
Gaur berriro ordu-estrak,
ez baita azaldu Andu …
Stressak ta errutinak
gure izatea jan du
noiztik ez gara jarduten
batera jolasean gu?
Zalantzaren nebulosan
dena laino, dena gandu:
Ume izateko ere
ez ote nabil berandu?
Azken IPhone modeloa
urtarrileko aldapan
tablet atera berriak
etxeko gela banatan.
Afaltzeko tenorean,
bideo-deien atakan
bakardade pizza-tu bat,
bi minutuko kalakan.
Zuekin elkarbizitza
hain da urria ta bakan
gauez noiz etxeratuko
ohetik nago zelatan …
Erraz erortzen zarete
kontsumismoaren tranpan
dena dudala uste bai …
baina guztia dut faltan!
Teknologiak dakartza
mila ta bat aurrerapen
baina aurrerapen oro
benetan al da garapen ?
Aita, igandez kontsola
azkar didazu ematen
ama, zuk kaskoak jantziz:
Lur, utzi gaitzazu paken!
Eskolan txukun nijoa
noski, ez naiz bizi Marten
baina gabezia asko
mutu, ari naiz jasaten …
Haurrak zaildu behar dira
botaz gero inork aurten
haurrak zail du … haur izaten!
saia zaitezte esaten.