[Lehiaketa] Euskararen lekukoa
Euskararen lekukoa –
Gure lehen bertso idatzi lehiaketa antolatu genuen iaz, eta bertso sorta kopuru polita jaso genuenez bigarrena antolatzea erabaki genuen. Oraingoan ere asko izan zarete zeuon sorkuntzak bidali dizkiguzuenak, eta beraz… mila esker parte hartzaile guztiei! Aurrerantzean ere lehiaketa xume honi eusteko haize ufada eman diguzue.
Epaimahaikideak Mikel Mendizabal, Ekaitz Goikoetxea eta Eli Pagola izan dira, eta hartu dute hartu beharreko erabakia.
Sari ederrak jasoko dituzte irabazleek, baina sari handiena, gure iduriko, norberaren bertso sorta marrazki bilakatua ikustea da. Unai Gaztelumendi bertsolari eta marrazkilaria arduratu da ilustrazioak egiteaz.
Agindu bezala bertsoak bidali dituzuen guztiok kamiseta bana jaso duzue etxean.
Zorionak irabazleei, bejondeizuela parte hartzaile guztioi, eskerrik beroenak epaileei, eta agur bero bat sariak banatzeko ekarpena egin duten enpresa guztiei.
Hurrengo urtean gehiago!
GAZTETXOEN KATEGORIA, BIGARREN SARIA
Urko Arakistain Mendizabal, Zumaia (Gipuzkoa), 14 urte.
Bertsolari aldizkariak argitaratutako komiki eta liburu sorta galanta jasoko du etxean. Baduzu ilustratzeko zer irakurria, Urko, zorionak!
EUSKARAREN LEKUKOA
DOINUA: Euskal herriko lur maite hartan
Mauriziaren irrintziekin
plazan gelditutakoa
Manolo Urbietaren letrez
umeek jasotakoa
Mikel Laboak bere gitarrez
sarri kantatutakoa
harrotasunez betetzen zaigu
gure bihotz ta hauspoa
orain tokatzen zaigu hartzea
euskararen lekukoa.
Zapaldua den herri batetik
lore bat sortzerakoan
borroka luze eta gogorra
dugu oraindik gaurkoan
arazo denez ahaztu ohi gara
begiak ixterakoan
alde batera begiratuaz
ondo dagoelakoan
etorkizuna beltzez margotuz
euskara galtzerakoan.
Gaur eguneko app gehienetan
nagusiena erdara
nahiz askotan besteena erru
zu ere arazo zara
ez gara aurrera aterako
dena propaganda bada
lehengo gauza izan behar da
geure ahotan euskara
hondar ale bat jarri ezkero
aurrera irtengo gara.
Euskararen eskukoa