KAZETARIEN ESKARMENTUA
JONE URIA
DOINUA: TRUMOIA ORTZI BELTZEAN HOSKA
1.
Kazetarien eskarmentua,
nahiz ta diguten maiz galdetua,
nola egiten den txapelketa
baten entrenamentua.
Inork ez dugu argi esaten
iritsita momentua.
Hara zein dugun kontua:
Norberak ere ez dakiela
zein den bere sekretua.
2.
Hamar zortzia ze dotorea,
zazpi sein sartzen da umorea,
seiko motz batek ondo beteta
luzi lezake doblea
eta akaso zortzi zortzia
habanerako moldea
bakarrerako gordea…
Txapelketari neurria hartzen
ez da erraza ordea.
3.
Barça Madrilen azken disputa,
PPk Barcenas ezin izkuta,
Fagor, Siria, Parot doktrina,
twitterra eta facebooka…
Zerbaiti buruz ez badakigu
gurea soilik da kulpa
dena behar da apunta.
Gaiei bueltaka ibiltzen gara
gai garela ahaztuta.
4.
Gurea ez denez soilik poema,
beste mundu bat da doinuena,
politak mila egonagatik
kantatzen zenbat problema!
Bat baldin bada sinple, erraza
beti erabiltzen dena,
hori hartzea onena,
zentzu askotan baita arriskutsu
desentonatzearena.
5.
Margaritekin mila histori
errima eta hitz kategori
maiteminduen gisan guk ere
eginak nahiko teori.
“Ez naiz pasako, bai, pasako naiz”
petalo bat, petalo bi…
Lanean gabiltza ongi,
margaritaren esku balego
bezala erantzun hori.
6.
Txapelketa da zientzia fikzio,
arerioa baita sozio,
ongi zein gaizki egin jasotzen
ditugu mila lezio.
Nahiz joaten garen gure ardura,
gogo ta aspirazio,
beldur, zalantza, tensio…
Oholtzara igo eta guztia
bihurtzen da emozio.