Jubilatu bai erretiratu ez

BERTSOAK: KRISTINA MARDARAS SEDRUN

1.

Bizi guztia pasatzen dugu
Lan ardurekin beteta
Andereñoa izan nintzen ni
Eskolan neukan arreta
Makinatxo bat atzera-aurrera
Motxila eta karpeta
Hirurogeita batzuk ba ditut
baina ez nabil erreta
zeren aspaldi hartua nago
lan munduko erretreta

 

2.

Iparraldean erretreta ta
Hegoan erretiroa
Berebiziko garrantzia du
Nabil pozean igoa
Denboraz urri gabiltza baina
Bertsotarako giroa
Deskantsuak ta patxadak dauka
Urrearen balioa
40 urte lanean eta
Banuen honen gogoa

 

3.

Bertsolaria jubilatzen den
Galdera bota zidaten
Eta kolpera ezetz ta baietz
Oreka zitzaidan eten
Nik ere plazak utziak ditut
Jadanik aspaldi baten
Eguneroko jardunak eta
Buruak kendu ninduten
Baina jubilau egin naizenik
Ez naiz ausartzen esaten

 

4.

Gure Imanolek “planto” egin zuen
AGUR esan zuenean
Baina han-hemenka kantatzen omen
Etxetik hurbil denean
Azpillaga ere bertsotan ari
Oraindik noizik behinean
Gorrotxategi ez da isiltzen
Aukerarik duenean
Eta Amuriza urtu egiten da
Bertsotan dabilenean

 

5.

Bertso jardunak beragan dauka
Poz beste hainbeste neke
Lopategiren hitz hauek horra
Asko esan nahi lukete
Mattin, Xalbador, Lazkao Txiki,
Lizaso edo Lasarte
Kantuz jardunak bertsoa sortuz
Ia-ia hil ziren arte
Joxe Agirre jubilau zenik
Esaterik ba ahal daiteke?

 

6.

Bertsolaria jubilatzen den
Erantzunez galderari
Pizgarri ederra duen aukera
Eskaini didate niri
Loak ezin nau hatu gaurkoan
Burmuina daukat kantari
Goizeko bostak erlojuan da
Gabon zueri denori
Jubilatua egon arren be
Sentitzen naiz bertsolari.