ISOLAMENDIA - Joseba Ramirez Izko
ISOLAMENDIA –
Joseba Ramirez Izkok bertso-jarriez osaturiko liburu bat autoeditatu du. Covid-19aren inguruan sortu den egoeraren inguruko bertsoak dira, ikuspegi kritiko batetik jarriak. Konfinamendua agindu zutenean Aralarrera jo zuen Ramirezek, hasiera batean hamabost egunerako izan behar zuen itxialdia mendian egitera. Berarekin zeraman transistore txiki batek ematen zion munduaren berri, eta entzuten zituenei bertsoak jartzeari ekin zion, astez aste luzatuz joan zen isolamenduan.
‘Isolamendia’ jarri dio, bada, izenburutzat bildumari. Dozena batetik gora bertso sorta dira, bakoitzak azalpen testu bana lagun duela. Badago poema solteren bat tartean, eta baita bertsorik gabeko beste zenbait gogoeta eta hitz-joku ere.
Sarasuak egindako hitzaurrearen pasarte batzuk eta hiru bertso sorta dakarzkigu jarraian.
Hitzaurrea
(…) Bertso faunatik kanpoko laguna dugu bera. Eta outsiderra, hainbat gauzatan. Gazteleraz verso libre esaten zaie arrastotik kanpo bere kabuz aritzen direnei. Joseba zentzu askotan da horietako bat. Ez da harritzekoa pandemia iritsi denean ere haren jokabidea bestelakoa izatea: hasiera-hasieratik arauak lainopean utzi eta mendira jo du. Gauzak bestela ikusi ditu handik.
Hainbeste espero nuen Josebarengandik. Ustekabekoa gertatu zaidana hark bertsoak jartzea izan da. Gure verso libreak, mendialdiaren haizetan, bertso libreak jarri ditu. Eta haizea ekarri didate.”
(…) Ezagun dute ofizio falta, bi zentzu oso desberdinetan. Lehen zentzuan, une honetako bertso jarrien kalitate kanonikoaren parametroetatik begiratuta, irakurleak bestelako eitea ikusiko die bertso askori, teknika nasaiagoa, ofiziokoa ez denaren artisautza-molde eta lizentziak. Bigarren zentzu batean ere ageri du ofizio falta: bertsoaren eta txaloaren bikote-sistematik kanpo jarri ditu aleok. Publikoaren erdiguneko multzo zabal batentzat txalogarri izan nahiaren grabitatetik libre dago. Zapore berezia damaio horrek.
J.S.
IsoLamentua
Doinua: Asteburu aldera
Neurrria: 10eko txikia
Lastimosoa deritzot sortu zen egoerari, alde batetik jendeari sartu zitzaion (zioten) beldurra eta psikosia. Bestetik, situazio horren ulergaitza, inork lehenago bizi gabea, literaturan edo zineman izan ezik. Herritarrok gupidarik gabe erabili gintuzten ikara talka-estrategia erabilita. Zetorkeen ondorioen larria bat ere ez zuen gogoan izan aginteak. Hainbat eta hainbat egoera bitxi eta penagarri sortarazi zuten arau eta lege berriek.
Lehen gutxi bagenuen
to ezak kondena(bis)
Aste betean hankaz
gora zagok dena.
Isuna nahi ez baduk
konplittu ordena.
Ah, ze nolako dantza
miloi eurorena.
Horixe duk ziria
sartu digutena
Burua altxatzeko
beharko denbora(bis)
Pandemiak oraino
egiten dik gora
Kapitalak zorroztu
dik seko aizkora
Dirua mudatu duk
kolkotik kolkora
Gerla industriatik
farmazeutikora(bis)
Gaitza duk sinestea
hau dela egia(bis)
Heriotza ugaldu
dela, alegia
Hilotza non eduki
a ze komeria!
Beilatokia zagok
jada beteegia
Ordezkorik bazagok:
Izotz Jauregia(bis)
Siestan harrapatu dik
Baskoien Jinkoa(bis)
Pikareska gurean
duk aspaldikoa
Jokaera diagu
patologikoa
Ospitaleko birus
elektronikoa
Ordenadoreena duk
birus klinikoa
Konplota egin ditek
bakteria orok(bis)
Beharrezkoak dituk
guztion ideiok
lagun egin zezakek
borrokan edonork
Asterix, Mortadelo,
Tintinen ipuinok
Profesor Bacteriori
hots egin ezaiok
Antolatu duena
Koronabirusak!(bis)
Jadanik hustu ditik
Banku eta Kutxak
Bigarren asterako
denak zeudek hutsak
Nola erreskatatu
Europako Burtsak?
Beste gaitzak jo gaitik:
Korona-Bonusak(bis)
Koronabirusena
nolako matxura!(bis)
Susmagarria behintzat
duk duen itxura
Gainditu arren gero
a ze kalentura!
Postoperatorioz
ez hadi ardura
Denok ordaindu behar
baitugu Paktura
Prefosta, muturreko
erabaki hauek(bis)
Inori ez zaizkiok
ezer ere laket
Nori laguntzen dio
egoera honek?
Ez haute ikaratzen
milaka milioiek?
Barka, Farmazeutikak
orain pozik zeudek(bis)
Isolamendua duk
nahikoa trantzea(bis)
Meritua duk hola
sano bizitzea
Baina gerta litekek
inoiz desfasea
Igual hiru ondorio
hauek gertatzea:
“kupela”, epaiketa
eta ugaltzea(bis)
Izkutatu zaitezte
ja etxean bertan(bis)
Hau luzatuko zaigu
nahikoa astetan”
Untxiok sartu gaituk
gordelekuetan
Burua hasi zaidak
eguerdian ketan
sutea piztu zaiguk
etxeko moketan
Isola hadi lasai,
goxo eta leun” (bis)
Hori bete ezean
aiba mila isun
Men egitea bada
geure eginkizun
Estatu poliziala
indartu dezagun
Lehen halaxe zela
ahaztu bazitzaigun
Kolkoari begira
jarri largabista(bis)
Denak eraso ditik
langile, artista…
Giza- otordurako
ah zer zizka-mizka!
Dohain zaharren eraso
arriskuan haiz-ta:
beldurti, mesfidati,
indibidualista
Gautikan goizaldera
zenbat dugun galdu(bis)
Osasuna nork, nori,
nola dion saldu
Zurrundu egin baita
zegoena malgu
Gu barruan mundua
ote dago salbu?
Salbuespen egoerak
salbatuko ahal du?
Handia montatu duk
ene, Mamamia!(bis)
Ogiaren mamia
eta Pandemia
Orea harrotzeko
ekar legamia
Horren xerka joan duk
“herriko semia”
Sano zagok oraindik
Anboton Lamia
Gordeleku antiaereo
asko huen erain(bis)
Jendea babes zedin
bonba erori zain
Hainbatek bere lana
egin zian bikain
Gordeleku berria
bazagok hartaz gain
Etxea bera baita
gotorleku orain
Askatasuna zagok
egun enanua (bis)
Zerua ez zen arren
hau duk infernua
Norantza arranua
harantza banua
Aralar mendi zerra
hau leku sanua
Hementxe sentitzen nauk
azken Moikanua
Korona sintomak
Doinua: Agur sagar beltzeran (X. Amuriza/A. Duhalde)
Neurria: 10eko txikia
Bertsootan gaixotasunaren diagnostikoa egiten ahalegindu naiz. Gizarte “gaixo” bati beste gaitz bat gehitu, asmatu eta zamatu zaion honetan. Gaitzaren aurretik eta ondorengo gizartearen azterketa modukoa egiten aritu naiz, baita “eritasun berriak” duen sintomatologia ere.
Lehengo berdinak dituk
oraingo kontuak
Onik ez dik ekarri
xomorro santuak
Igualtsu segitzen dik
munduko zirkuak:
Bortxaketa, izua…
dituk betikuak
Arazo berak baina
areagotuak.
Ondo gintuan erdi
libre ginenian
Etxea, lotarako
Gehien-gehienian
Baina gaixotu gaituk
denok azkenian
Ito egingo gaituk
zifren tsunamian
onena hasiko duk
amaitzen denian
20/4/1, 12:27
Astelehen goizean
zer-nolako festa
Elurrak zuritu dik
mendia errez ta
Udaberria jantzi
zuriz huen presta
Bentanatik begira
mutil eta neska
Hiru egunetara
arrastorik ezta
Euria iritsi duk
bere afanean
Tematu duk elurrak
zegien lanean
Berde tonu guztiak
aurreko planean
Elurtea eurite
bihurtzen denean
Bizitzan bizitzen duk
unean-unean.
Bizkaia, Gipuzkoa,
Naparthaid, Araba
Iparraldean berdin,
han mendirik bada
Ezin diat zuria
besteekin konpara
Lurralde berri baten
erdian baikara
Zurrut txikiz edaten
diat te kikara.
Noraino helduko da
gaitzari ikara?
Goraino bete baita
izuen kikara
Etxean egin ditek
hainbeste maskara
Elkartasunak bultza
ditik horretara
Pelikula deitzen duk
“La crisis mass cara”
Zenbakuntza asmatu
huen behin batean
Gizakia atxiki
duk horri katean
Heriotzari izu-
laborri kolpean
Neurtzen ari gaituk
hau kantitatean
Neurtu beharrean
kualitatean
Munduan bat-batean
ez duk beste gaitzik
Zifren eraginez gu
ez gabiltzak pozik
Bizia amaitu duk
gaur goizean goizik
Kalitatea hobe
izango duk kasik
Preziorik ez zeukak
balioa baizik
Alkohola, tabakoa,
denge, minbizia
Errepidearena
ez izan ahantzia
Guzti-guztiek ditek
heriotz antsia
Nahiz Covid19-k
dagien jauzia
“Farolillo Gorria”
duk birus bitxia
Kontuak, esamesak
ez daitezkek konta
Ba al dago lekurik
egiteko ospa?
Etorkizunerako
har dezagun nota
Erasotu diagu
naturaren kontra
Saguzar koitaduei
ez errurik bota
Zeruko giltza San Pedrok omen du. Nork ote du Lurraren konponbidearen giltza? Batek jakin. Hondamendiaren giltza dugun bezala giltza berak atearen bestaldeko sarrailan sartzeko balio beharko du, ezta? Hau da, Planetaren sendabidea lortzeko. Itxaropena dugu emozio positiboa, inondik ere, indarra emango diguna etorkizun hobea(ona) bideratu eta izan dezagun, dezaten gure ondorengoek, oinordekoek.
Giltzaropena
Doinua: Asteburu aldera
Neurria: 10eko txikia
Kutsatuak artatu
eta heriotzak(bis)
Erreskate milioiak,
denak zifra hotzak
Kontra altxatu dituk
batzuen ahotsak
Non ote galdu dira
munduaren pozak?
Esperantza zekarrek
haur baten jaiotzak
Te berdea, gorria,
zuria, Roibossa(bis)
Valentziako paella,
Txinako arroza
Euskal Herrian txintxin
diruaren hotsa
Etorkizuna nola
dezakegu osa?…
Enara itzuli duk
berriro airosa 20/4/8
Gernika, Nagasaki
edo Iroshima (bis)
Oraindik hedatzen duk
gerraren arima
Erregutu dezagun
Begoña, Fatima…
Hau al da nahi genuen
giza paradigma?
Biktimismoak bihur
ez gaitzan biktima
Hausnartzeko garaia
berrogeialdia(bis)
Kutsadura gutxitu
dela duk egia
Natura baitzegoen
nekatuegia
Orain airea zagok
purua, garbia
Hartuko dik nahi zuen
atsedenaldia
Tragedia, komedia
ze elkarren antza!(bis)
Batetik besteraino
Zazpi jauzi dantza
Denok egin diagu
kristoren balantza
Zeinek ez du eginen
jarreren zalantza
Ber(t)sortzetik zetorrek
geure esperantza