HIRU PATER NOSTER (Jon Lopategiri)
Fredi Paia
2019-09-09
HIRU PATER NOSTER –
Doinua: Udaletxean badut (Bizkaian, Lopategiren Pater Noster)
“Nire hiletatara
bazentozte laster
errezatu Beltzari
hiru Pater Noster”
Barkatu eidazu Jon
ez zintezket susper
eztakit errezatzen
Jainkoari esker
ikasiak balio
baldin badit ezer (bis)
kantatuko dizkizut
hiru bertso eder.
Zeruetan zarena
aspaldi dakigu
bertsolariok sarri
hori dirudigu
ideien itsasoko
kometako firu
zure kantutegia
zure txiru-liru
Kanpantxuko eguzki
joanak testigu (bis)
zure gomuta hutsak
bertsoa bizi du.
Eta lurrean ere
zeruko erara
gaztetxo bat lehenengoz
badoa oholtzara
bertso bakar bat edo
lehen saioa bada
gozatzen baldin badu
gaindituz ikara
oholtzaren osteko
poztasun taupada (bis)
irribarre horretan
zu egongo zara.