[TtakunHerren] Gizonei jarriak - Gizonoi jarriak
Gizonei jarriak – Gizonoi jarriak –
Doinua: Arantza artean zaude
Mundua bi taldetan
bereizten denean,
(gizonak arrean zein
andreak emean)
hizketagai delako
bere herrenean
ea aritzen garen
gure izenean.
Gizonez zein gizonei
horrenbeste kantu,
gizonekin, gizonki
ohi dugu kantatu…
Aitzakian galderak
nahi ditut kokatu…
Nik galdetuko dizut,
zuk lasai kontatu.
Arreta jartzen zaio
emakumeari,
(plural bila ez dabil
hainbat begi adi),
“gizonak” esaten da,
sendo, irmo, handi.
Baina ba ote zara
denen ordezkari?
Gizonek zenbat kargu,
postu eta toki…
Banan banan nahiz zenbait
suertatu egoki,
orokorrean eta
estrategikoki,
denak gorroto ditut
kategorikoki.
Mundua baldin bada
zuen legekoa,
zuen tokiko bezain
zuen mendekoa…
Noiz izan zaizu traba,
noiz mesedekoa
izatea “gizonen”
talde berekoa?
Galdetu nahi nizuke
tonu seguruan,
baina dena zait duda
iritzi puruan…
Haritz, entzunez gero
zure inguruan,
“not all men” entzutean
zer duzu buruan?
Inguruan badauzkat
zenbait gizon prestu,
nahiz gizon, jator, ontzat
zaizkidan aurkeztu,
zerbaitek jarri orduko
egoera estu,
“gizon” komodinean
direnak babestu.
Hitz egiten baitute
puskaz goxoago,
ikusten baitzaizkie
puskak osoago…
Sentiarazten naute
(nahiko argi dago)
gizontasun “berriek”
deserosoago.
Noren hitz-denboratik
nork zer zurrupatu?
Nork eremuak utzi?
Zeinek okupatu?
Pribilegioak nor
eta noiz aupatu…
Nirea noiz erantzi
ezin dut hautatu.
Kalera lasai joan
litekeenak mudan,
parrandan beldurrik ez
daramanak udan,
etengabe sentitu
ohi ez denak gudan…
Dena erraz duenak
zer jartzen du dudan?
Hamaika bertso berrik
(duda hestez-heste)
galderatik daukate
asko bataz beste.
Zureaz esan baitut
desio hainbeste…
Hurrengoan nireaz
aritu gaitezke.
GIZONOI JARRIAK
Doinua: Langile baten semea naiz ni
Mingaina mizto, eskuak labain,
begiak bi laser
gorputzak gorpu, laztanak bortxa,
boterea plazer…
Deitu eskrupulogabe,
giza historiaren kantzer.
Ezin ukatu egia denik
esandako ezer
Beraz, tori nire onarpen,
damu, barkamen; edozer.
Hori guztia guk egin dugu
bueno, ta orain zer?
Mutikoxkorra noiz bihurtzen da
mehatxu, gizongai?
Harremantzeko botere tresnak
hartzean aldagai?
#NotAllMen aldarrikatuz
ari baldin bada nornahi
ez al da izango dagokiona
ez duelako nahi?
Gure ekintzaren ardura
norberea delako, ai…!
Ta gainontzeko gizonenaren
zati bat ere bai.
Asko beharrak eraman izan
ditu gutizira;
Zuen bilkura modu horretan
ez al da hazi ba?
Lubakiaren bi alde
parekatzea desira,
beti irrifartsu, dantzan ta kantuz
hurbilduz hesira.
Nik ere gehitu nahi nuke
more kolore bizira,
alde honetan borroka zuri
beltzean bizi da.
Batzuentzako dena delako
“Betiko”, “Berezko”…
Ar izateak emandakoa
hartzea bidezko.
Ta sistema iraultzea
besteontzat ezinezko,
pribilegioei uko egiteko
zenbat gaude (edo daude?) presto?
Hemen erdi eme gera
hor erabat gizonezko,
akonplejatu zapaltzaileok
beti “Inon ez”ko.
Testosterona ahotik joaten
zaie bi hereni,
giharrak gogor, harrokeriaz
hobe ez abszeni.
Baina Gizon hitzak badu
“On”ek aina polisemi,
jarrera, kezka zein gorputz forma,
desio zein premi…
Asko ez gera “Gizon-gizon”
nahiz igual hala komeni…
Ez ote dago #NewMen talderik
non sar nintekeen ni?
Gizonarte hutsak dauzkadalako
lur zorrotz, labaintzat…
Talde anitzak segurtasuna
dakarkit ordaintzat.
Uxatzen naute tabernek,
ehizak ta kirol eskaintzak…
Kezkatu modak, garbitasunak,
gurasoen zaintzak…
Ta hala ere naukazu
berdinbidean, orbaintzat…
Gizontasunak noiz hartu ditu
ertz horiek aintzat?
Gure ardurez arduratzeko
mila dira erak:
bistaratu lan ikusezinak,
ahalbidetu grebak.
Nahiz feminismoak soilik
berdin ditzaken paperak
aliatzeko aski ez ote
dira kezka berak?
Nahiz egina norberetzat
egiten duen norberak
zuk esatea nahi nuke “ongi
ari zarete” bat.
Guretzat ere zalantza beldur
iturri izan da.
Noiz galduko dut edertasuna?,
Hitza hartzeko txanda?,
Nola zahartuko naiz ta noiz
bukatuko zait parranda?,
Maiteko al naute?, Ezin ote dut
umerik izan ba…?
Ta zuen hitza nahiz ez den
beldurraren soinu banda…
Errespetua eragiten dit
egia esanda.
Zapalkuntzari ta beldurrari,
inkisizioa!
Ahalduntzeak behar du denok
dugun misioa.
Ar, harro, orro, arre, aker…
Gaur erre tradizioa!
Soinu leunak dira bidea
(intuizioa).
Gizon moduan ez dut nahi
aurkeztu dimisioa
aldatu baizik itotzen nauen
definizioa.