GAI-JARTZAILEEI JARRIAK

MIREN AMURIZA

DOINUA: AZKEN ARNASA EMAN NAHI NUKE

1.

Honats bost puntuz asmakizun bat:

hiru hitzetan nor da ba?

egunkariei goitik behera

ohi diena errepara,

eta esaldi bakoitza neurtu

zehatz silabaz-silaba,

kazetariak ez dira, ez da

parlametuko asanblada,

bertsolariak ere ez, beraz…

gai-jartzaile taldea da!

 

2.

Orain geu ari gara asmatzen:

eskuei begiratzean,

lotarakoan korridoreko

argia ezin itzaltzean,

gauero oheko izara edo

mihiseak aldatzean,

dena prestatu ta falta diren

gonbidatuei deitzean…

Zuetako nor egon ote den

egoera bakoitzean!

 

3.

Zuen ondoan saio aurreak

ume-jolas bat dirudi,

zozketarako zenbakitxoak

pasatuz ezker-eskubi.

Zaudetenean gaia esatear

nahiz puntua jartzen guri,

pentsatzen dugu “zer esango dit?”

ta izerdi hotza isuri…

Lehen maitasun aitortza egin

ondoren bezain urduri.

 

4.

Handik ordu bi eta erdira

iritsi ohi da summum-a,

aurkeztu behar duzuenean

saioko puntu bilduma.

Arbelean den irakaslea,

politikari zurruna,

nahiz altarean besoak altsa

dituen abade jauna,

inbidiz daude entzunda lortzen

duzuen isilitasuna.

 

5.

Saioa pasa eta asteak

aurrera egin ahala, 

kritika askok gai-jartzaileok

ohi zaituztete seinala; 

“hau estua zen, hura zabala…”

jertseez dabiltza ala?

Ez da gai txarrik bertsolariak 

badu egun mundiala, 

egun eskasa duenaretzat 

gai onik ez den bezala.

 

6.

Lan ona egin duzue baina

ez da bukatu bidaia,

beraz prestatu agoantatzeko

kritika eta txantaia.

Ez Coca Cola nola egin, ez

non den Sarriren talaia,

orain zeuona da sekreturik

handiena duen mahaia:

zein izango da BEC-eko azken

buruz-buruzkoan gaia?