Bertso jarriak "Kontrako Eztarritik" liburuari
Estitxu Fernandez –
Doinua: Haritzaren memoria
begirada zabaltzean
ikusten da zenbat multzo
gelditzen diren ertzean.
Gaur hagitz garbi daukat fokoa
aipatu nahi dut liburukoa
lorea hostokatzean,
nire zati bat dagoelako
orri hauetan biluztutako
emakume bakoitzean.
2. Emakumeon gorputza
betitik izan da traba
ez da egokitzen lege
hegemonikoetara.
Ertz anitz ditu bertso-jokoak
zentraltasunaz haragokoak
baina gatozen hontara.
Landu behar den arren guztia
bazterrak oro, goia, azpia
orain hontaz ari gara.
3. Politikoki zuzena
uzteak dakarki hotza
ixildu beharrak, berriz,
amorrua eta lotsa.
Berdin bertsoa, erditze-gela
telebista, nola ez, kartzela
sistema bera da bortxa.
Guztiok gaude kateatuta
patriarkatuak puteatuta
haginka ari da hortza.
4. Umetokiak agintzen
didana dut egiteko
errudun sentitu gabe
nire pauso bakoitzeko.
Ez dut eskatu nahi barkamena
ez erregutu nahi onespena
ta gai naiz zu ikusteko.
Ezerk ez bainau legitimatzen
botere-toki batean jartzen
parekoa larrutzeko.
5. Kontzientzi feminista
aspalditik nigan dago
eta alabak egin nau
are kontzienteago.
Ze ederra ta ze deskantsua
uztea gure lehia faltsua
aliatuta zeharo.
Konplizea dut emakumea
ta hortaz, nire gorputz emea
orain maite dut gehiago.
6. Berdintasunezko bertso
jardunaren inbiditan
ez nuke hartu nahi lagun
emakumerik begitan.
Ahalduntzen naiz zure ondoan
naizen horixe nire ahoan
adierazten delarikan.
Zabal dezagun ahizpatasuna
ixildu gabe datorkiguna
7. Aktibismoa hor dugu
beso zabalik gure zai
irauli behar da dena
sistema bera ere bai.
Sufritu gabe, ahal den denetan
bihurtu gabe geroni bertan
gure buruaren etsai.
Ezin badugu egin irririk
gozamenak ez badu tokirik
iraultza hori ez dut nahi.
8. Artikulura bueltatuz,
nork bere burua entzun
ta aldatzeko beharraz
egin gaitezen jakitun.
Konpasioa ta ausardia
edo onartu ezin handia:
zer etortzen zaizu, lagun?
Hori guztia dago eltzean
probatuko da sutan jartzean
aldatu nahi ote dugun.