Egunsentiez eta ilunabarrez
Egunsentiez eta ilunabarrez –
HARITZ MUJIKA
Egunsentiez
Doinua: Bateltxo bat kulunka
Berdin dio eguna
hasi zein amaitu
zergatik ez izpiei
begira jarraitu?
Nahiz bart, ilunabarrak
liluratan bahitu…
Egunsentiak lotan
harrapatu zaitu.
Ara eguzkia nola
badatorren gora,
berriro ere martxan
jarri da denbora.
Guztia berri da ta
guztia lehengo da
baina minak ez dira
itzultzen lehengora.
Ilunetan ilunen
nahiz izan bezpera
loaren leuna da
zaurien joskera
mingarri diren arren
gaur goizez, ostera…
Argiak bultza zaitu
berriro hastera.
Ilunabar gorrien
eta itsasertzen
aurrean inor ez da
bakarrik esertzen;
maiteminez ez dena
barne minez lehertzen…
Egunsentiak ez du
inortxo baztertzen.
Dendak zabalik eta
heltzeak txistuka,
kafetegietako
argiak piztuta.
Ihintza zelai berdeei
hezeki, musuka,
berpiztera doazen
itzalak pausuka.
Beharginek lan eta
opordunek dantza,
batzuk kirola eta
bestek laborantza.
Eginak poza eta
gabeak zalantza
baina oraindik egingo
duen esperantza.
Egun betea beti
baita zerbitzala
eguzkiak azpian
harrapa gaitzala…
Borborka konfiantza
diz-dizka azala
ia zapaltzeraino
nork bere itzala.
Horregatik bisaia
altxa dut lurretik,
aldenduz atzokotik,
keinuka gaurretik.
Egun paseak nahiz ta
bazuen urretik
beti nahiago baitut
berri bat aurretik.
Ilunabarrez
Doinua: Sumatuz euskaldunak
Ilunabar baten zain
nerabe mukizu,
gazte erromantiko,
zein heldu, berdintsu…
Zain egona bazara
zerbait badakizu…
Itxaron diozunak
zer ekarri dizu?
Nerabeak (ezin jan,
baina ezin ase),
ilunabarraren zain
dauden bezalaxe…
Antzeratsu dabiltza
zenbait heldu klase.
Argia itzali da…
“Ba orain ea ze”.
Memoria tranpetan
aurkitu zaitut zu,
ilunabar ederrik
oroitzen al duzu?
Ze mugikorrean bai,
arbola, zeru-su…
alferrik gordetako
batzuk badituzu.
Kolore gorriztadun
zeru eta adar,
Instagramen bihurtzen
dira ilunabar.
Baina itxuran dena
bero, su eta gar…
Gehiegitan ez al da
ilun eta abar?
Etxe zuloko katu,
gautxori kaletar…
Ea inori zaion
iluntzea zatar…
Argi eta ilunak
hartze hori elkar,
eder ote litzake
gaurik ez balekar?
Egunez, argietan,
gertatzen da zernahi,
argi-orduetako
hori da bizigai,
(baina “egusenti hau!”,
“ilunabar hau, ai…”)
tartekoetan gara,
baina guk printza nahi.
Ilunabar bat bazen
mendi, argi, sail, ur,
ilunabar bat bazen
haur bat zur eta lur.
Ilunabar bat da gaur
“kaixo” eta “agur”,
beste denak bezainbat
estimulu labur.
Ilunabar erre bat
enara karraio,
ilundu-aurrea da
pozaren ensaio.
Gero gauari (kotxe,
ohe, bertso-saio…)
beltzetik beltzenean
eutsi behar zaio.