Desentxufatu nazazu

Desentxufatu nazazu –

Gure lehen bertso idatzi lehiaketa antolatu genuen 2021an, aldizkari honen 30. urteurrenaren karietara. Bigarren edizioan bertso sorta kopuru polita jaso genuen, eta azken honetan ere iritsi zaizkigu zuen bertso sortak. Mila esker parte hartzaile guztiei, beraz, eta denok etxean jasoko duzuen Imanol Lazkanoren “Aho bizarrik gabe” liburuaz majo gozatzea opa dizuegu, baita bertsotan jarraitzea arkatzez zein mingainez. Sarituontzako sari txukunak lortzen saiatu gara aurtengoan ere, espero dugu horietaz ere merezi duzuen bezala disfrutatzea.

 

Epaimahaikideak Iñaki Murua, Ekaitz Goikoetxea eta Eli Pagola izan dira, eta hartu dute hartu beharreko erabakia.

 

Zorionak irabazleei, bejondeizuela parte hartzaile guztioi, eskerrik beroenak epaileei, eta agur bero bat sariak banatzeko ekarpena egin duten enpresa guztiei.

 

Hurrengo urtean gehiago!

 

Helduen kategoria

Lehen saria: Aitor Tatiegi Loidi, 22 urte, Oñati. Asteburu bat bi lagunentzako Aritzaleku kanpineko (Lerate, Nafarroa) bungalou batean. Bejondaizula, Aitor!

 

Desentxufatu nazazu

 

Doinua: Hor bide eguzkitsu bat/ Xorieri mintzo zen.

 

 

 

Gaztetan jartzen zenuen

nigan atzapar mardula,

gaur egun taburetean

bakanduz ile azula.

Varon-Dandy lurrinaren

nostalgiaren ahula (bis)

ez zenezake kalkula.

Botoia zanpatzen duzu

nola bi oinek baskula.

Nahiz jendeari kontatu

oso bero naukazula,

nik isurtzeko gogorik

ez dut sentitu sekula! (Bis)

(Oso bero naukazula.*)

 

 

 

Tragoren bat hartuz gero

egin izan didazu hitz-

ahopean- “gaur zortea

aldeko egongo balitz”.

Txanponak aukeratu ohi

zenituen kontu handiz. (bis)

Bi begiak gorri hagitz.

Jakin beharko zenuke

jada ulerkera argiz,

datozkidan irudiak

desberdinak dira; aldiz:

Hiru bihotz aldi baten

zein bihotz bat hiru aldiz. (Bis)

(Desberdinak dira aldiz.*)

 

 

 

Niri begira jarrita,

behatza zuzenduz, baxu

“tragaperras alu hori…”

egin didazu mehatxu.

Nire mundu fantastiko

ta emakume bulartsu… (Bis)

Zenbat ilusio faltsu!

Bakarrik sentitzen zara,

beste asko bezalatsu.

Ni hilda egongo banaiz

bizitzeko gai zara zu.

tabernatik joan aurretik

desentxufatu nazazu. . . .

 

 

Desentxufatu nazazu
Arg: jaysoriano
Desentxufatu nazazu