[Bertso kantari IV] Iñigo Legorburu Arregi: Bularretik mintzo
Bularretik mintzo –
Bertsolari aldizkariaren 30. urteurrenaren karietara antolatu genuen gure lehen bertso idatzi lehiaketa. Helduen kategorian Hernaniko Iñigo Legorburu Arregik lortu zuen lehen saria “Bularretik mintzo” bertso sortarekin. Oskar Estangak bere lana musikatu du.
Zorionak Iñigo!
Doinua: Amaren bularra
Hitzartuta bezala,
ilunabarrean
aspaldiko promesa
baten aparrean
hasi da abentura…
diot marmarrean
nerabea zarela
ahaztu xamarrean.
Estrainekoz, eskutik
estilo zaharrean
nerbioek barrutik
gu jan beharrean…
Normaltasun eria
denez indarrean
zenbat lehenengo aldi,
aldi bakarrean!
Eritasuna gaixo
jarri bitartean
konplize izatera
garamatzate han.
Ileapaindegiko
eskaparatean
diozu ezin gara
gelditu atean!
Ziurtasunez niri
hori esatean
esperantza piztu da
nire aldartean…
Harrotasunez bete
nauzu bat-batean
zu zarenaren zati
biok izatean.
Emozioz dardarka
daukazu kokotza
baina ausarki moztu
dizute mototsa:
Ama, bizi duzuna
gaur ez zait arrotza,
zure ile-ordea
jada ez da motza!
Kimio, goragale
ta beldur bakoitza
urrun nabari ditut,
urrun heriotza!
Hil ordez, ile-orde…
ta akabo lotsa!
Bularraren ordezko
dut zure bihotza.