Bizitza udaleku

BERTSOAK: ANE LABAKA

 

1.

Iaz paradisua
bizita gertutik,
egun hau noiz heldu zain
egon naiz ordutik.
Ihes egin nahi nuen
berriro mundutik,
mundu berri bat sortuz
barruan, barrutik,
autobusean sartu
naizen momentutik.

 

2.

Bi munduen artean
hainbeste distantzi
badagoenez nahi dut
kanpokoa ahantzi,
nahastu mila kolore,
soinu ta fragantzi,
aurpegia margotu,
mozorroak jantzi…
eta eguneroko
maskarak erantzi.

 

3.

Sinistuta hizkuntza
dugula ondare,
oihu indartsu edo
xuxurla suabe…
sorkuntza bihurtzen da
armiarma sare,
hitzarekin jolastuz
konplexurik gabe;
Azkaine ta Algorta
gertuago daude.

 

4.

Sukaldariek dute
gure osasuna
otorduro zaintzeko
erantzunkizuna,
sukaldean egosten
dute maitasuna.
Da jasotako mimo
denen batasuna
platerean kabitzen
den goxotasuna.

 

5.

Gitarraren laguntzaz
“gabon!” esatean,
pentsatzen dut ipuinen
errealitatean;
ezindu bilakatu
zen elefantean…
Sentitu ohi dudana
izara artean
nola adierazten da
piropo batean?

 

6.

Eguzkia estaltzen
badute izarek
esnatu ohi gaituzte
sorginen algarek
ez ukendu onenek,
ez mila edabek…
pauso irmoa galtzen
badute dardarek
magia sortzen dute
zuen besarkadek.

 

7.

Zazpi egun nahi ditut
nigan giltzapetu,
oroitzapen guztiak
banaka aletu.
Zorionak ditu bi
osagai sekretu;
ehun kilo irri, mila
tona errespetu…
bizitza bilakatu
nahi dut udaleku.