Bizitza gaixoaren begietatik
Bizitza gaixoaren begietatik –
Doinua: Beste bateko inularretan
Beso parea astindu, eta
gero hanka biak luza
ohe gainetik zutik jartzeko
beti behar dut laguntza
andreak alde batetik tira
semeak bestetik bultza
kostata, baina burutu dugu
tokatzen zitzaidan dutxa
eguna horrelaxekoa da
daukazunean Iktusa
dirudienez sarturik dugu
zorigaitzaren birusa
gure etxean ireki al zen
Pandorak zeraman kutxa? (bis)
Egun hartatik zaindu nauena
nire emazte maitea
zor dizudana oso zaila da
hitzik gabe esatea
inoiz banago tristerik edo
oinaze minez betea
zuri zer gutxi kostatzen zaizun
behar dena ematea
lehenago nere baitan zegoen
etxe honen agintea
orain pasa naiz familiaren
sufrimentu izatea
niretzat atsekabe iturri
ondokoentzat kaltea (bis)
Galdutzat dauzkat anaiak eta
ustez nituen lagunak
neke askorik ez dut eduki
zenbatzen hauen gutunak
gaixo batentzat berdin direnez
arratsak eta egunak
umore ona ekar lezake
kanpoko argitasunak
beraz, faborez, izan zaitezte
enpatiko zentzudunak
ez gaitzazue usteltzen utzi
gertuko kide kuttunak
egoeraren berri ez baitu
berau probatu ez dunak (bis)
Beñat Urkiola Irulegi