[BERTSO BEEF II] Txomin Garmendia eta Unai Mendizabal

Txomin Garmendia eta Unai Mendizabal –

Iturria: Aiurri.eus

 

 

Adiskide mutil zar bati

 

Txomin Garmendia eta Unai Mendizabal

 

Txomin Garmendia

2016-05-20

Doinua: Aizak’i mutil mañontzi

 

Gaur nago bertso jario,

lagunak geran merio,

zertako dezu zurruterako

ainbeste jenio?

Ezkondu zaitez serio,

gizonen gradura io;

denbora joanda damututzeak

ez baidu balio.

 

Orain ederki zabiltza,

zenbat ate, ainbat giltza,

luzarorako ez da izaten

olako bizitza.

Neskax ederrak dabiltza,

norbaiti luzatu itza;

edo bestela bidean dezu

zure zorigaitza.

 

Oraindik zaude gordiña,

zugaitz on baten berdiña,

baiña sasoia ez da izaten

betiko egiña.

Zartzaroaren jakiña,

mutil zarraren jardiña;

bakardadeko tristura eta

sukalde zikiña.

 

Andregai on baten billa,

alaxe izan dedilla,

ona usteta txarra gertatu

liteke sarrailla.

Gero arazoak milla,

tarten kutxako kartilla;

zenbaitek azkar jorratuko du

 zure diru pilla.

 

Emakume asko pikardiz,

sarri itxura geiegiz,

dirua duten mutil zar oiek

engañatzen dabiltz.

Lotutakoan uztarriz,

ez dirade zure premiz;

burua bero izango dezu

ankak otzak berriz.

 

Andreari artzen kontu,

kezka eta pentsamentu,

da bitartean gizona dabil

ipui eta kantu,

Iñor ez gera kontentu,

danok negar eta lantu;

gizonak ere sarri ez gera

aldareko santu.

 

Sarri berri itxusiak,

pamilitako auziak,

garai bateko baratz polita

artzen du sasiak.

Negar eta karrasiak,

esku artzen justiziak;

zorionean ez dira bizi

ezkondu guziak.

 

Dauzkagun giza aulkeriz,

osatzen gera txarkeriz,

kabi goxoak zapuzten dira

bizio geiegiz.

Bakoitza bere alderdiz,

dirua tarteko berriz;

ezkondu asko gaur bizi dira

mutil zar inbiriz.

 

Bakoitzak dun jenioa,

da tarteko balioa,

etxe askotan sumatutzen da

negar jarioa.

Artu ebanjelioa,

edo errosarioa;

alkarri barkatutzean dago

erremedioa.

 

Naigabeak eta pozak,

guk ez ditugu arrotzak,

zalantzik ez da oiek berekin

ditula ezkontzak.

Maitasunezko aitortzak,

ugaltzen ditu itz-otsak;

aberats dira alkar maitatzen

dakiten biotzak.

 

Garai bateko fedea,

ez ote gendun obea?

Alde batera utzi genduan

Jainkoan legea.

Nunnaitikan naigabea,

oztu eziñik labea;

komeni bada zuzen gaitzazu

guztion Jabea.

 

Adiskide mutil zarra,

dadukat esan bearra,

suerte onez ixildu bedi

daukazun negarra.

Maitasunaren indarra,

ez da gozatu bakarra;

San Antonio bitarteko artu

ez da lagun txarra.

 

 

Egungo ezkondu eta ezkongabeei

 

Txomin Garmendia eta Unai Mendizabal

 

Unai Mendizabal

2016-06-03

Doinua: Dozena bat bertso berri

 

Txomin Garmendia jauna

bertsolari ezaguna

lehengo alean egina dago

bertsotan jarduna.

Heldu zitzaidan barruna

ta errespetuz laguna

bertso hauetan hementxe doa

nere erantzuna.

 

 

Mutiltzar eta soltero

ezkondu gaberik edo

lehengo aleko irakurleen

artean balego

kopeta beltz eta bero

haserre xamarrik gero

ipiniko zan zure bertsoak

kantatu ezkero.

 

Bikote baten gerizan

jarri ta ezkondu elizan

egin beharra omen du gradu

batzuk igo ditzan.

Pentsatzen ipini nitzan

sorta hartan esan gisan

ezkondu gabe pertsonak ezin

al du gizon izan?

 

Zartagin zikin ta grasa

trapurik behin ere pasa

mutiltzarrari maiz jartzen zaio

narratsaren traza.

Bikote baten jolasa

ez du izango erraza

baldin sukalde bat garbitzeko

ez bada kapaza.

 

Lehen ezkondu eta hala

uste zen betiko zala

“ta heriotzak banatu arte…”

hitz eman bezala.

Gaur denbora joan ahala

apurtzea da normala

agian hau da harreman baten

bide naturala.

 

Soluzioa denean

dagola barkamenean

diozu baina nik zalantza bat

badut barrenean:

pazientzia azkenean

bukatzen da gehienean

beti barkatu behar duena

berdina denean.

 

Jainkoa eta dotrina

aipatu dezu jakina

hori bailitzan gaur egungo gaitz

hoien aspirina.

Dena ez zen kristau fina

lehen ere bada majina

fede galanta izanagatik

galantak egina.

 

Txomin zure esanera

jartzea hobe ote da?

Oraindik nabil ezkongabe ta

soltero antzera.

Presarik ez daukat, keba!

Baina hemendik aurrera

arroza pasa aurretik zerbait

saiatuko gera.

 

Bi ikuskera ezberdin

dutenak Unai ta Txomin.

Nik bukaera eman nahi diot

aholku batekin:

bizitza pozik joan dedin

parejan, bakarrik berdin…

Hemen bakoitzak nahi duna edo

ahal duna egin!

 

 

Unai Mendizabal dala bide

 

Txomin Garmendia eta Unai Mendizabal

 

Txomin Garmendia

2016-06-17

Doinua: Dozena bat bertso berri

 

Unai Mendizabal bertsoz,

ni toreatzeko asmoz,

nik jarritako dozena bati

erantzuten zatoz.

Irakurri ditut gogoz,

alkartu gerade txaskoz,

irakurleak baditut eta

orrek ematen dida poz.

 

Zaude gazte eta gordin,

ez dezu nik ainbat adin,

eziñezkoa iruditzen zait

pentsatzea berdin.

Saia gaitezen alegin,

al dan gutxien utsegin,

gazte-zarretan osasuna ta

pakea izan dedin.

 

Ezkongai edo ezkondu,

edo mutil-zar egondu,

bakoitzak bere bizimodua

bear du sakondu.

Zer gogo dun artan ondu,

maitetasunez konpondu,

ezerren paltik guk ez genduke

egingo bagendu.

 

Nola dote ta arrio,

alkarrengan amorio,

sukalde eder, koartoak berdin,

oia eta armario.

Esaera zarrak dio,

otoitz da errosario,

egiz maitetasunik ez bada

ez dute balio.

 

Noranaitara joanik,

eztai egun bat izanik,

etxe askotara bixitatxoak

egin da dauzkat nik.

Musu gozo ta laztanik,

aurki badute azkenik,

bertso berritan nik ez det jarri

ikusten ez danik.

 

 

Mendizabalen galdera,

konturatutzen al gera?

Izan liteke irabazia

da berdin galera.

Gora-bera eskallera,

naiz ezkondu legera,

alde aundia izan liteke

gizonetik gizonera.

 

 

Au dijoa Unairentzat,

bere antzeko askorentzat,

da zuentzako alperrik dira

otoitz eta mezak.

Utzitzen dira errezak,

au dakar federik ezak,

arrokeriak Iekurik ez du

barkamenarentzat.

 

 

Paradisoko baratzan,

Bibliak or dion trazan,

Jaungoiko onak gizona egin zun

bere esperantzan,

Laister zan bera, zalantzan,

Aita Eternoa an zan,

gizona pozteko emakumea

egiña izan zan.

 

 

 

Sarritan nago pentsakor,

berri txarrak emen da or,

garai bateko maitetasunak

ziraden aldakor.

Jaunak ez ote gera iñor,

edo ez ote gera nor?

Pamilitako ainbat eraso

fedea galtzetik dator.

 

 

Zintzotasuna ez det gertu,

iñork nai banau aztertu,

baiña ala ere lengo federik

ez det nai baztertu.

Ezin niteke aspertu,

eta Jainkoa eskertu,

gaurko pena det gaztedi orri

nik ezin ulertu.

 

 

Zuk daukazun pentsaera,

eta nere jokaera,

ezin litezke etorri noski alkarren parera.

Gaurtik berrogei urtera,

bizirik baldin bazera,

orain daukazun pentsamoldetik

aldatuko zera.

 

Nai degun ainbeste zori,

ez etortzen edonori,

gure inguruz ibilli arren

eunka eta eunka txori.

Al dana egite ori

gustatzen zaigu danori,

ondo da baiña gaitzikan egin

gabean iñori.

Txomin Garmendia eta Unai Mendizabal Txomin Garmendia eta Unai Mendizabal Txomin Garmendia eta Unai Mendizabal Txomin Garmendia eta Unai Mendizabal 
Txomin Garmendia eta Unai Mendizabal Txomin Garmendia eta Unai Mendizabal Txomin Garmendia eta Unai Mendizabal Txomin Garmendia eta Unai Mendizabal