BADA GARAIA
XABIER PAYA
DOINUA: ANDRE TXARRAREN BENTAJAK
1.
Bertsolaritza egun bizi da
osasuntsu eta alai…
Zergatik? Hori ez daki inork…
edo ez zuen jakin nahi.
“Ulertu ez dut ulertzen, baina
bizi eta sentitu bai”…
bada garaia izan gaitezen
bizia ulertzeko gai.
2.
Lekuonatar Juan Mari edo
aurretik haren osaba,
Fito, Joxerra, Asier, Jean, Gorka
edo Jexux Larrañaga,
Carmenek hasi zuen bidea
ere, emankor zer da ba!
Zer ikertua ez zaigu falta,
ikertzen hasi nahi bada!
3.
Txapelketari esker bertsoak
lortzen du hainbat oihartzun
eta bihurtzen da zale plazan
inoiz ez duena entzun.
Zenbat ikerlan, zenbat aditu,
galdera eta erantzun…
baina bertsoak oraindik ez du
rotulurik EHUn!
4.
Bertsolaritan kanonik baden
berriki sortu da gaia,
batzuek baino ez dutelako
pasatzen azken uztaia.
I+G+Bk final denetan
bera dauka esanahia:
Zergatik beti Iparraldea,
Gipuzkoa ta Bizkaia?
5.
Lau urterik behin gertatu ohi da,
heldu aurretik BECera,
antolatzen da mila hitzaldi,
lan-saio eta bilera.
Orain fokua eraman arren
bertsogintzaren gainera,
ea argia ez den itzaltzen
urtarriletik aurrera.
6.
Bertsolaritzak egin behar du
ikerle askoren jabe,
baita gureak diren ahozko
genero guztiak ere.
Tradizioen ekosistema
landu beharrean gaude,
ezin ikertu litekeelako
lehenbizi ikasi gabe.
7.
Zorionean datu asko da
sailkatuta zein gordeta,
baina non daude analisia,
eztabaida, gogoeta?
Irudikatu ahal du norbaitek
idatziei arreta
txiki-txikia eskaintzen dien
literatur ikerketa?
8.
Ikertu dugu kantaria den
gizona ala emaztea,
behatu dugu posible dela
bertsotan irakastea,
aztertu dugu badela zale
gehiago irabaztea…
orain bakarrik faltatzen zaigu
bertsoa ikertzen hastea!