Agur bertsoak Xantiri

Agur bertsoak Xantiri –

Agur bertsoak Xantiri
Arg: Juanan Ruiz (FOKU)

 

Xanti hil zela jakitean ARGIA-k bertsoak eskatu zizkien zenbait bertsolariri, eta jarraian agertzen direnak urte hasieran jaso eta argitaratu zituzten.

 

Amets Arzallus:

Nabigatzen jakin ez

ta halere leman,

zenbat haur ez duzuen

ontzian ereman.

Eskerrik asko Hontza,

zuek bai antzeman,

ez du askok egingo

bizitzaren deman

hainbeste ilun jaso

ta argia eman.

 

Sustrai Colina:

Uste osoa eta

oso ustearen

arteko itsasoa

nahiz ta hustear den,

eskerrik asko oinez

erakustearren

ta bidea egiten

libre uztearren.

 

Bertso eskoletan lehenengotakoa izan zen Leintz-ekoa. Bertako ikasle izandako Ion Iñaki Izarzelaiak jarri dio bertso hau:

 

Sasiaren ondoko

loredun landare,

bertsoa, Aberria

zuretzat zutabe.

Ironiaren maisu;

ekaitzean bare.

Isilik joan zara

baina ez esan gabe.

 

Baionako Biltxokon Xanti Iparragirrerekin biltzen zirenen izenean, Xumai Muruak eta Eneritz Zabaletak jarritako bertsoak:

 

Mendirik mendi etorri zinen

eskeiniz zure jakintza

nola haurrekin bertso-eskolan

kantuz jar daiteken hitza

mugarik gabe biak uztartuz

jolasa eta ekintza

zutaz oroituz esker onetik

baizik ez gaitezke mintza

 

Sortu zinuten bertsolariak

biltzen gintuen xokoa

lagunartean zirikatzea

bakinuen gogokoa

nahiz tarteka kopeta belztu

nahiz okertu mokoa

hautsiko ez zen bertso katean

beti libre zen jokoa

 

Berritz etxera itzuli arren

ez zinen hemendik joan

Agertzen zinen manifestaldi

edota besta giroan

Gaztandoiara bertso kantura

zenbat joan-jin tiroan

Ongi tolestu ta tinko-tinko

Txapel ta guzti Twingoan

 

Aingeru Guardan behin bildu ginen

Bertsu batzuk kantatzeko

Zer komeriak Aitor gaizoa

Eskaleran igaiteko!

Orduan denek erran ginuen

Korta zaharrean hobeto

Ez baitzen leku txarrik izaten

Xantirekin egoiteko.

 

Korta barnean epelduz joan zen

Bertsolarion etxola

Mihiak zuen ziria sobran

Sagardoa zeriola

Hitzen beharrik gabe guziek

Ulertu ginuen hola

Garai bateko materiala hor

Guardia onean zagola!

 

Lehenik Txato joan zitzaigun

Eta geroago Aitor

Ihaz Gillermo, ta aurten Xanti

Heriok ez eman amor!

Baina Biltxoko bizirik dugu

Ta segituko du gogor

Bihotza bigun, eskua zabal

Ta mihia beti jator!

 

Leintz bailarako bertso eskolan Agurtzane, Ainhoa, Amaia eta Saioa hasi zirenerako, Xanti Iparragirre Iparraldean errefuxiatua zen. Baina “ezagutu ez duzun zure aitona hori bezala” gogoratzen du Ainhoak, beti izan zutela presente. Eta gerora, aurrez aurre ezagutzeko aukera izan zuten. Hemen laukote honek modu koralean jarritako bertsoak:

 

Isilpetik oihartzun

egiten zenuen

taldearen barruan

beti hortxe zeunden

falta zitzaigun pieza

ezautu ondoren

bertso ere hobeto

ulertu genuen.

 

Hegaldi berri hontan

argirantz mugitu

kantuz ari zarela

zaigu iruditu

guk ere eztarria

nahi dugu garbitu

kantuak min guztiak

arintzen baititu.

 

Urtarrilaren 4 iluntzean Eskoriatzako udal pilotalekuan bildu zen Xanti Iparragirreren gertuko jendea, azken agurra ematera. Hona ekitaldian entzun ziren bertsoak.

 

Agur bertsoak Xantiri

 

Danel Goikoleak “Xantik erakutsi zigun doinuan” kantatu zuen:

 

Txapelhandiak gure artean
eman du bere itzala
maisua izan zaitugu eta
ez da suerte makala!
Nola dantzatu erakutsiaz
bizia eta azala
ea guk ere egiten dugun
zuk nahi zenuen bezala.

Hitzak neurtzeko doaiarekin
etorria Añarbetik
etenik bako borrokalari
maite zenuenagatik
oraindik ere ikusten zaitut
so zaudela txapelpetik
argi handi bat piztu diguzu
sasi guztien gainetik.

 

Jon Sarasuak Txikia zuen guda izena doinuan kantatu zuen bertso hau:

 

Ume bat, Añarbe baserrian
eskolara inoiz joan ez zena
bizi-ezin baten berri izanda
engaiatu zitzaion barrena
eragile, militante ta maisu
ironia apalik finena
asko emanda luzaz dastatua
emanaren alde mingotsena
hitz gutxirekin esan digu
nor garen, zer den herri-sena.
Harro hadi Kantauri itsasoa
ta egin zan orroa
gutxitan bezala
gogora zan herrigile apalak
lur hauetan ibili zirala
Sortzaileak altzoan hartu eta
lurrak gozo besarka zaitzala.
Orain gugan da bere itzala.

 

Andoni Egañak bertso hauek kantatu zituen Gogoratuko zara doinuan:

Bakarra dugulako
gure Euskal Herria
Ipar eta Hego ez dugu
bereizi behar ia.
Besarkada bat Xanti,
beroa, larria
mugarik balitz han ta hemen
zara mugarria.
Besarkada bat Xanti,
beroa, larria,
bertsozale guztien
partez ekarria.

Gauekoaren lagun
hontza ta ilargi
noiz sasitan gordeta
noiz zelaira jalgi
euskaraz antzekoak
dira bi esaldi:
argirako bideaz
etsiak aspaldi…
Euskaraz antzekoak
dira bi esaldi:
zu beti izango zara
biderako argi.

Agur bertsoak Xantiri Agur bertsoak Xantiri Agur bertsoak Xantiri