Agur bertsoak Daneli

Agur bertsoak Daneli –

Bertsoak: Jon Iñaki, Jon, Ainhoa, Agurtzane, Amaia, Saioa eta Arantzazu

 

Agur bertsoak Daneli

 

Urtarrilaren 18an azken agurra eman zitzaion Danel Goikoleari Arrasateko Aldai parkean. Almen bertso eskolako lagunak oholtzara igo eta bertaratutakoek honako bertsoak abestu zituzten.

Doinua: Zeru altuan zegoen Jaunak

 

Bertsoa, kantu, errima edo

eskulanen estetika,

bihurrikeri maitagarriaz

satira eta kritika.

Burua martxan, bihotza libre;

beti zerbaiten irrika,

orain be lagun joan ote haiz

hire ametsei segika!

 

Gazte hasita euskalgintzako

arima eta haragi

beti ideia berritzaileen

artisau ta margolari

umore oneko taldekidea

beldur barik aldapari

guk ere saltsan segiko dugu

auzolanean kantari.

 

Zela esan agur bizi guztiko

adiskide maite bati?

Samina eta ulertuezina,

barru-barruan bi zati.

Hauen lekuan, Danel, seguru

kantuz umoretsu beti

mahai baten bueltan hirekin dittuk

Felix, Aitor eta Xanti.

 

Nola liteke hainbeste gogo

ustekabean eraman?

Dena umore, proiektu, asmo

bizipoz eta harreman. 

Hegan egina haiz lehen ere

jarrai ezak orain hegan.

Hire berezko bizi-indarra 

gelditu dadila gugan.

 

 

Hil bezperen Danelek berak sortutako bertso sorta bat zabaldu zien ingurukoei, whatsappeko audio bidez. Bertso hori agur ekitaldian entzun ahal izan zen; hemen, transkribatuta:

Doinua: Yolanda (Pablo Milanes)

 

HOLANDA

 

Ingles klasean galdez andereño Miren

Tulipanak non hazten ote diren.

Estututa, arbelean nago urduri

Txibato batek laguntzeko gertu dirudi

 

Holanda,

Holanda,

holan da baina, zelan da?

 

Ingeles asko ere ez dau Arrasaten

“no espik inglix” hala be badakigu esaten

Ikasteko, lana bilatzea zen aitzaki

Ta gero edonork zu baino hobeto daki

 

Rumano,

Rumano,

Ikasi banu Rumano

 

Hizkuntza arrotzek a ze logurea

Pentsatu nuen, ikasi nahi dut gurea!

Nahiz kalean askorikan ez erabili,

Heurea duk ta, heurean ondo habil hi…

 

Ganorez,

Ganorez,

Egin dezagun ganorez

 

Azkenerako ez bata ta ez beste

Mintzapraktika erraza denik ez uste

Beste bat darabilt, sarriago ta igual hobe

Ikasi nahi nuen bape gogorik jarri gabe

 

Holan da,

Holan da,

Tristea baina holan da

 

Holan da

Tulipanena Holanda

Bene-benetan, holan da

Agur bertsoak Daneli