Agur amatxo!
Agur amatxo! –
Gure lehen bertso idatzi lehiaketa antolatu genuen 2021an, aldizkari honen 30. urteurrenaren karietara. Bigarren edizioan bertso sorta kopuru polita jaso genuen, eta azken honetan ere iritsi zaizkigu zuen bertso sortak. Mila esker parte hartzaile guztiei, beraz, eta denok etxean jasoko duzuen Imanol Lazkanoren “Aho bizarrik gabe” liburuaz majo gozatzea opa dizuegu, baita bertsotan jarraitzea arkatzez zein mingainez. Sarituontzako sari txukunak lortzen saiatu gara aurtengoan ere, espero dugu horietaz ere merezi duzuen bezala disfrutatzea.
Epaimahaikideak Iñaki Murua, Ekaitz Goikoetxea eta Eli Pagola izan dira, eta hartu dute hartu beharreko erabakia.
Zorionak irabazleei, bejondeizuela parte hartzaile guztioi, eskerrik beroenak epaileei, eta agur bero bat sariak banatzeko ekarpena egin duten enpresa guztiei.
Hurrengo urtean gehiago!
Gaztetxoen kategoria (14 urte arte)
Lehen saria: Nora Arrizabalaga Arrieta, Azkoitia, 12 urte. Getariako Elkano scaperoom-erako lau sarrera. Ondo pasa, Nora!
Agur amatxo!
Doinua: Beste bateko inularretan
Bizitza hontan eman ditugu
elkarrekin mila pausu
gaixotu zara eta orduan
ospitalea zain duzu
nahiz ta zugana joaten naizen
tubo pila bat dituzu
biok batera gauden uneak
niretzako a ze luxu
ta agurtzeko ematen dizut
zure masailean muxu
nire malkoez nire ohean
sortzen ditut hainbat putzu
lehen ni zaintzen ninduzun baina
orain nik zaintzen zaitut zu.
Esan didate ospitalean
sedatu _egin zaituztela
malko potolez zapaldua dut
zu barruan zuauden gela
ta esan dizut amatxo jakin
garrantzitsua zarela
ta azkenekoz sentitua dut
zure muxuen epela
gela hortatik irten egin naiz
gorputza triste nuela
minutu batzuk pasa dira ta
badakit hilda zaudela
besarkada bat eta zeruan
pozik bizi zaitezela!
Etxera_ekartzen zenuen beti
barruan zenuen poza
gure albotik joan zara ta
etxea daukagu hotza
nahiz ta batzutan izaten zinen
gurekin pixkat zorrotza
oraindik goxo gogoratzen dut
amatxo zure ahotsa
kanposantura joan_naiz le(he)n aldiz
bisitatzera hilotza
hau ikusi dut ta bi zatitan
apurtu egin zait bihotza
ze gogorra ta ze tristea den
bizitza_hontan heriotza!