Xabier Ricok jaso du aurtengo Arabako bertsolari txapeldunari txapela janzteko izendapena
Arabako txapelketa hasi zela 40 urte bete dira aurten, eta lehen edizio hartan kantatu zuen bertsolarietako bat da Xabi Rico. 80ko hamarkadan Arabako lehen bertso eskolen sortzaile eta bultzaltzaile izan zela nabarmendu du Bertsozale Elkarteak.
XVI. edizioa du aurtengo txapelketak Araban. Elkartetik gogorarazi dutenez, lehen txapelketa eta gero etenaldia izan zen eta 1990etik 2001era bitartean Prudentzio Deuna Estibalizko Ama bertso Sariketa izan zen Arabako bertsolarien indarrak urtero neurtzeko plaza. 2002an berriz ere Arabako Bertsolari txapelketa bezala jardun zuen ekimenak, urtero 2009ra artean. Orduan erabaki zen (eta erabaki hark berean dirau) txapelketa bi urtetik behin antolatzea.
Arabako Bertsozale Elkarteak Xabi Rico Iturriotzi “aitortza egin nahi dio eta eskerrak eman egindako ibilbide eta lanagatik. Euskara etxean jaso ez baduen ere 26 urterekin euskaldundu zen eta 1981ean sortu zion bertsoak zirrara, Xabier Amurizaren gidaritzapean UEUko bertsolaritza ikastaroan parte hartu zuenean. Ikastarotik bueltan arabar gazte talde batek Abel Enbeitaren atera jo zuten bertsotan ikasteko asmoz. 1982an Abel Enbeita, Rikardo Gonzalez de Durana, Patxi Aizpurua eta beste batzuekin batera Gasteizko Bertso Eskola sortu zuten. 1980-1990 urteen bueltan, hamarkada oso bat eman zuen bertso eskolako irakasle modura eta Arabako hainbat sariketa eta txapelketetan parte hartu du bertsolari gisa gehien bat, baina baita epaile, gai jartzaile, biltzaile edota antolatzaile gisara ere”.