Xabat Illarregi garaile 2019ko Nafarroako Eskolarteko Txapelketan

Xabat Illarregi garaile 2019ko Nafarroako Eskolarteko Txapelketan –

Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez, Arantzako eskolan jokatu zen Nafarroako Eskolarteko Txapelketako 33. edizioa, eta Leitzako Xabat Illarregik jantzi zuen txapela, iaz egin bezala. Bigarren tokia Berako Ekhine Zapiainek lortu du, eta beraz, biak ekainaren 8an Saran egingo den Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan izango dira.
 
Xabat Illarregi garaile 2019ko Nafarroako Eskolarteko Txapelketan
 

Arantzako eskolako aretoa ehundik gora entzulerekin bete zen joan den larunbatean Hamabost izan ziren bertsolari parte hartzaileak: Amaia Lasheras (Barañain), Ane Telletxea (Lesaka), Beñat Astiz (Barañain), Bittori Elizalde (Iruñea), Ekain Alegre (Altsasu), Ekhiñe Zapiain (Bera), Enma Murillo (Barañain), Etxahun Azkarraga (Etxalar), Idurre Villanueva (Barañain), Iratxe Muxika (Lesaka), Lide Arrieta (Iruñea), Olatz Bados (Altsasu), Uxue Mesa (Lesaka), Xabat Illarregi (Leitza) eta Zuhara Zaratiegi (Barañain). Josu Sanjurjo aurkezle eta gai jartzaile lanetan aritu zen, eta epaile gisa jardun zuten Saioa Mitxelenak, Amaia Telletxeak eta Julen Zelaietak.

Gai orokorrari bertso bat, lau oinak emanda beste bat eta hitz bana emanda beste bertso bat kantatu ostean, lau bertsolari pasa ziren bigarren fasera: Ekain Alegre, Ekhine Zapiain, Iratxe Muxika eta Xabat Illarregi. Bigarren fase horretan, zortziko txikian eta koplatan aritu ziren lau bertsolariak, eta bi sailkatu ziren buruz burukora: Ekhine Zapiain eta Xabat Illarregi.

Puntuari erantzun eta bakarkako gai bati kantatu zieten bi bertsolariek kartzelako ariketan. Azkenean Xabat Illarregik lortu zuen puntu gehien, eta bigarren aldiz jantzi zuen txapela (iaz izan zen txapeldun lehen urtez). Leitzarrak eta Ekhine Zapiain txapeldunordeak ordezkatuko dute Nafarroa Saran (Lapurdi) egingo den Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan. 

Beste sari bat ere izan da Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, entzuleen saria. Bertsolarien jarrera, ahalegina, umorea eta bestelako baloreak eskertu nahi izan dituen sari hau Etxalarko Etxahun Azkarragarentzat izan da.

Xabat Illarregi garaile 2019ko Nafarroako Eskolarteko Txapelketan