VII. Bertsolamintza jardunaldien balorazio positiboa egin du Bertsozale Elkarteak
Bi astez bertsolaritzako hausnarketarako plaza izan du martxan Bertsozale Elkarteak: Bertsolamintza. Larunbatean azken saioa izan zen, Villabonan. Bertan, bi asteetan zehar eskaini diren hitzaldi guztiak izan zituzten, baita bazkaria eta bazkalosteko bertso saioa ere.
VII. Bertsolamintza jardunaldien balorazio positiboa –
Eli Pagolak, edizio honetan Bertsolamintzako batzordekide izan denak, eman zion ongi etorria iragan larunbateko jardunaldiari. Segidan Aner Peritz Manterola Euzkitzek aurkeztu zituen hizlariak. Ainhoa Urienek eta Maialen Akizuk eman zuten lehen hitzaldia, Diskurtso guztiak errespetagarriak dira? izeburupean. Euren ostean, Jexux Mari Irazuren txanda izan zen, Libreko bertsogintza. Kokapena, aukerak eta mugak. hitzaldiarekin.
Eguneko argazki galeria ikusgai jarri du Bertsozale Elkarteak, klikatu hemen.
Gai bati buruz kantatzeko zilegitasunaz aritu zen Maider Arregi. Eta bere ostetik etorri ziren Aitor Bizkarra eta Oihana Iguaran, egoera sozio-politikoari kantatzen zaion edo ez hausnartzeko. Bi horien hitzaldia izan zen goizaren lehen parteko azkena. Iritzi trukerako pausaren ondoren, Ainhoa Agirrezaldegi aurkezle zutela, Julio Soto eta Imanol Artolak hartu zuten hitza, gai-jartzaile autoreaz berba egiteko. Ostetik heldu ziren Oihana Arana Bertsolaritza ideologikoki lerraturik dago? hitzaldiarekin eta Onintza Enbeita Botere harremanak. Bertsolariaren itzalaren eta generoaren eragina bertsoaren balioespenean hitzaldiarekin.
Mahai inguru batek itxi zuen goizeko egitaraua. Bertan Unai Iturriaga, Sarai Robles, Aitor Salegi eta Oihane Perea aritu ziren, bertso-eskolez: zehazki, bertso-eskoletan gaien eta ideologiaren lanketarik ba ote dagoen jorratu zuten. Beñat Gaztelumendik eman zion agurra aurtengo edizioari, berau ixteko hitzartzean.
Behin hitzaldiak amaituta, bazkari legea egiteko tenorea iritsi zen, Villabonako Behar Zana elkartean. Sustrai Colina eta Miren Artxetxe aritu ziren ondoren bertsotan, Eli Pagola gai-jartzaile zutela. Kasualitatea, Korrika bertatik pasa zen orduan.