Uharte eta Iruritako kronikak. Nafarroako txapelketa
Uharte eta Iruritako kronikak
Julen Zelaieta nagusitu da Iruritako final-laurdenean
Martxoaren 26an Agoitzen jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu du Berako bertsolariak. Lepo bete da Iruritako Gizarte Bilgunea, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren laugarren final-laurdena bertatik bertara jarraitzeko.
Iruritako Gizarte Bilgunean jokatu da 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren laugarren final-laurdena, aretoa bete duten 150 bertsozale baino gehiagoren aurrean. Han aritu dira kantuan Saats Karasatorre, Josu Sanjurjo, Julen Zelaieta, Ekaitz Astiz, Amaia Elizagoien eta Oskar Estanga. Karasatorrek lehen aldiz hartu du parte txapelketa batean. Fernando Anbustegi aritu da gai-jartzaile lanetan.
Saio puntugarriaren ostean, Julen Zelaietak eskuratu du puntu gehien, 306, eta horrenbestez, martxoaren 26an Agoitzen jokatuko den hirugarren finalaurrekorako sailkapen zuzena eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Josu Sanjurjo, Amaia Elizagoien, Oskar Estanga, Ekaitz Astiz eta Saats Karasatorre. Bost bertsolari hauek bihar Uharten jokatuko den azken final-laurdeneko puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko. Osotara, 18 bertsolarik egingo dute aurrera, oraingo 30etatik.
………………………………………………………………………………………………………………………………………………….
Xabier Maia nagusitu da Uharteko azken final-laurdenean, eta osatu dira txapelketako finalaurrekoak
Martxoaren 19an Antsoainen jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu du Elizondoko bertsolariak. Behin final-laurdenak bukatuta, osatu da txapelketako finalaurrekoetan ariko diren 18 bertsolarien zerrenda. 180 bertsozale baino gehiago bildu dira Uharteko Arte Garaikideko Zentroan, azken final-laurdena jarraitzeko.
Uharteko Arte Garaikideko Zentroan jokatu da 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren bosgarren eta azken final-laurdena, aretoa bete duten 180 bertsozale baino gehiagoren aurrean. Han aritu dira Sarai Robles, Irati Majuelo, Eneko Fernandez, Oskar Sanz de Acedo, Xabier Maia eta Ander Fuentes ‘Itturri’. Uharteko gaztetxoen bertso eskolako ikasleen agurrak eman dio hasiera saioari. Maider Ansa aritu da gai-jartzaile lanetan.
Saio puntugarriaren ostean, Xabier Maiak eskuratu du puntu gehien, 308,5, eta horrenbestez, martxoaren 19an Antsoainen jokatuko den hirugarren finalaurrekorako sailkapen zuzena eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Eneko Fernandez, Ander Fuentes ‘Itturri’, Irati Majuelo, Sarai Robles eta Oskar Sanz de Acedo.
Horrenbestez, osatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetan ariko diren 18 bertsolarien zerrenda. Final-laurden bakoitzeko irabazleari, sailkapenaren araberako hurrengo hamahiru bertsolariak gehitu zaizkio. Hauek dira sailkatuak:
Julio Soto 343.5
Xabier Terreros 321.5
Aimar Karrika 344.5
Julen Zelaieta 306
Xabier Maia 308,5
Eneko Lazkoz 344
Iñigo Olaetxea 307
Iker Gorosterrazu 300
Joanes Illarregi 299.5
Eneko Fernandez 298.5
Saioa Alkaiza 296.5
Ander Fuentes ‘Itturri’ 290.5
Kotte Plaza 290.5
Josu Sanjurjo 289
Patxi Castillo 288.5
Oier Lakuntza 288
Mikel Lasarte 284
Alazne Untxalo 280
Martxoaren 18an hasita, hiru finalaurreko jokatuko dira, eta horietako bakoitzeko irabazlea finalera sailkatuko da zuzenean. Sailkapenaren araberako bost bertsolari ere pasako dira apirilaren 8an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalera. Hauek izango dira finalaurrekoak.
www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke saio guztietarako sarrerak. Berako sarrerak, gainera, Errekalde ostatuan erosi ahalko dira, eta Agoitzekoak Angiluerreka Elkartean. Saioen egunean bertan, gainera, zabalik izanen dira hiru aretoetako leihatilak, 16:00etatik aurrera.