Sarai Robles garaile X. Izeta bertso sariketan
Sarai Robles garaile X. Izeta bertso sariketan –
Baztanen antolatu da aurten Mariano Izeta euskaltzale eta bertsozalearen omenezko sariketa, Izetaren sorlekuan justuki. Hamargarren edizio honetan Nafarroa osoko 16 bertsolari gaztek hartu dute parte. Bi kanporaketa jokatu ziren arratsaldean: Elizondoko Intza ostatuan jokatutako kanporaketan Sarai Robles, Bittori Elizalde eta Patxi Castillo izan ziren sailkatuak; Erratzuko Zubi-punta ostatuko saioan, aldiz, Ekhiñe Zapiain, Ekain Alegre eta Eki Mateorena.
Finala Elizondoko Kortarixar jatetxean ospatu zen, afalondoren, 70 lagun ingururen aurrean. Zigor Gartzia Zian aritu zen gai jartzaile lanetan, eta bost epaile izan ziren bertsolarien lana puntuatzen: Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Izaro Mitxelena, Joseba Beltza eta Julen Zelaieta. Sarai Robles izendatu zuten txapeldun, 333,5 punturekin. Haren ondotik sailkatu ziren Ekhiñe Zapiain (320,5), Ekain Alegre (302), Patxi Castillo (297), Eki Mateorena (295) eta Bittori Elizalde (252).
Txapeldunaz gain, saioko bertso onenaren saria ere eman ZUEN epaimahaiak, Ekhiñe Zapiainentzat. Bi sariak, txapela zein bertso onenarena, Juana Mari Izetak, Mariano Izeta zenaren alabak, banatu zituen.