Prest da Bertsozientziaren edizio berria

Prest da Bertsozientziaren edizio berria –

Zeruko izarretara, ziztatzen gaituzten eltxoei edo aurrean daukagun beirazko edalontziari begira ikuspegi zientifikotik bertsotan aritzeko materiala aurkitu daiteke. Horren erakusle da otsailaren 24an, Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian, egingo den Bertsozientzia ekimena.

Euskal Herriko Kultura Zientifikoko Katedrak «Bertsozientzia: jakinduriak mundue erreko dau» izenburupean antolatutako saioak zientzia eta bertsoa batuko ditu beste behin ere. Oraingoan hiru zientzialarik eta bi bertsolarik hartuko dute parte.

Zientzialarien artean Oskar Gonzalez Mendiak ikuspegi kimikotik beiraren benetako kolorea zein den zehaztuko du «Beiraren kolorea (eta kolore eza)» hitzaldian. Itziar Garate Lopezek, berriz, Gliese 486 izarraz hitz egingo du. Nazioarteko Astronomia Elkarteari izar hori eta bere exoplaneta izendatzeko proposamenaren harira, «Gliese 486 eta Gliese 486b. Aukeran, Gar eta Su nahiago» berbaldia eskainiko du. Azkenik, Aitor Cevidanes Miranda ikertzaileak «Ziztadatik haratago» hitzaldian eltxoen eta akainen ekologiaz hitz egingo du eta, zoonosiaren ondorioz, animalien eta gizakien artean transmititzen diren gaixotasunen inguruan sakonduko du.

Hiru gai horiei bertsoak jartzeko lana Uxue Alberdi eta Miren Artetxe bertsolariek hartuko dute bere gain.

 

Prest da Bertsozientziaren edizio berria

 

Bertsozientzia: jakinduriek mundue erreko dau

Eguna: Otsailak 24

Ordua: 19:30

Lekua: Aiaraldea Ekintzen Faktoria, Laudio

 

Partehartzaileak

 

  • Oskar Gonzalez Mendia: Kimika analitikoan doktorea da. Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea izan ondoren, gaur egun UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateko Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko graduan irakasten du. Dibulgatzailea da eta Zientzia Kaiera eta Cuaderno de Cultura Científica bezalako blogetan idazten du.
  • Itziar Garate Lopez: Fisikan doktorea da eta astrofisikan aditua, Frantziako Ikerketa Espazialeko Nazio-zentroko doktorego-ondoko ikertzaile moduan aritu zen Pierre eta Marie Curie Unibertsitatean. Gaur egun UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako Fisika Aplikatua sailean irakaslea da.
  • Aitor Cevidanes Miranda: Albaitaritzan lizentziatua eta Kontserbazioaren Medikuntzan doktorea. Gaur egun doktorego-ondoko ikertzailea da NEIKER BRTAn eta bere ikerketa-lerroa Osasuna Bakarraren ikuspegitik aldaketa globalaren eta zoonosien eta gaixotasun batzuen arteko erlazioa ulertzera bideratua dago.
  • Uxue Alberdi Estibaritz: Kazetaritzan lizentziatua, idazlea eta bertsolaria da. Besteak beste, narrazioak, eleberriak eta saiakerak argitaratu ditu eta bi aldiz irabazi du Euskadi Saria Besarkada eta Kontrako Eztarritik lanengatik eta 111 akademia saria Jenisjoplin eleberriarekin.
  • Miren Artetxe Sarasola: Euskal Filologian lizentziatua da eta Soziologia, Antropologia eta Gizarte eta Kultur Geografian doktorea. Bertsolaria eta ikertzailea da eta EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea. Argia eta Jakin hedabideetako kolaboratzailea da.
Prest da Bertsozientziaren edizio berria