Portuak eta Aingurak. Itsas-alegia laguntasunari

Portuak eta Aingurak –

Aitor Bizkarrak Portuak eta Aingurak. Itsas-alegia laguntasunari sortarekin irabazi du 40. Basarri Saria. Zortzi bertso hamarreko handianBizkarrak laguntasun ereduak deskribatzen ditu, besteak beste, itsasoarekin lotutako erregistroarekin.

Portuak eta aingurak
Arg: Conny Beyreuther

Doinua: Konfesatuta hau esateko

 

Koskortzetik ta ernatzeraino
ilajean urdindurak,
limurtzen zaitu itsas zabalak
zer dakarren jakin gurak.
Itsas-lamien lantu sarkorraz
nahiz maiz-asko labaindu bat,
hortzak berdintzen diren garaian,
eranztean apaindurak,
lagun mota bi baizik ez daude:
Portuak eta Aingurak.

Portu Natural Gurasoena
beti da esentziala;
portu faltsurik ere badago:
Portu Sasi-Soziala;
ordea, zama-arintzaileetan,
bat bada espeziala,
draga-makinaz itxuratua
hazi ahala, bizi ahala…
Naturala ez izanagatik
ez da Artifiziala.

Horiek dira zure jiteen
eta jitoen etenak;
egonarriak, labarrak soilik
zeuden tokian irtenak;
mantel-usaina, plateren hotsa,
hitzak, ardoa, jatenak;
urte osoko gabon-argiak,
faro nekagaitz batenak,
nora joanik ez duzunean
“Zatoz hona!” diotenak.

Ilargiaren grabitazio
ditxosozkoak itsutu
ta itsasgoran Neptunok ezin
izaten zaitu izutu!
Handik gutxira litoraleko
arrokan itsas-trikutu,
itsasbeheratzen zaren garaian
sentitzeko diminutu…
Ta soilik pasa dira sei ordu
eta hamabost minutu!

Zer zaren Prestige emozionala!
Zulatua lehen txanpan…
Petral-ontzi bat lemagaldua
sagailo gaitzaren tranpan:
inguru dena kutsatzen duzu,
fuela galtzen, tantan-tantan.
Aingura arin, hegalariak,
zeuden Anariren kantan;
zuk hiru astun behar dituzu:
bat txopan eta bi brankan.

Orkatilatik heltzen dizute
zaudenean hestebete,
itsas hondoan behea jo eta
pasatzeko astebete.
Hala diozu: “ni itotzera
nahita etorri zarete!”
Paranoiaren logikapean
pentsatzeari uzteke…
Zu itotzera baldin baletoz,
askatuko zintuzkete.

Badakizu zer pasa zitzaion
Atlantidari behinola;
beraz, ez galdu zure baitako
ozeanoen kontrola.
Zeren uraren maila, astiro,
elemental, ezaxola,
gorantz, uhinka, etor liteke
mingain erraldoi bat nola:
Giza-Portuak eta -Aingurak,
berdin-berdin zaizkiola.

Iraganeko naufragioen
mapa duzu bizkarrean:
norarik gabe, baina garaitzen
gaitza zinen bizkorrean.
Menturatuko al zara berriz
itsaso itsaskorrean,
labarren aurka joaz Rimbauden
lurrunontzi mozkorrean?
Igoal hobe da portuan bizi
belarria maskorrean

Portuak eta Aingurak