Peru Abarrategi txapeldun

Peru Abarrategi txapeldun –

Peru Abarrategi Sarrionandia gailendu da 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketan, Manex Agirrerekin buruz burukoan aritu eta gero. Peruri Serapio Lopezek jantzi dio txapela. 450 lagun elkartu dira Gasteizko Europa Biltzar Jauregian.
 
Peru Abarrategi txapeldun
Arg: Alea
 
 

Larunbat arratsaldean jokatu zen finala Gasteizko Europa jauregian. Eszenatokian:

Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio)

Oihane Perea Perez de Mendiola (Zalduondo)

Peru Abarrategi Sarrionaindia (Aramaio)

Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuko)

Xabi Igoa Eriz (Aramaio)

Paula Amilburu Izargarai  (Aramaio)

 

Arantxa Sobrino aritu zen aurkezle lanetan, eta Aintzane Irazusta gai-emaile. Finaleko epaimahaia honako bost lagunek osatu dute: Fernando Sopelana, Aitor Jimenez, Ekaitz Elorriaga, Manex Garaio eta Mikel Fernandez de Arroiabe. Idazkari lanetan Endika Jimenez aritu zen. Honakoak izan ziren bertsolariei jarritako puntuaketak:

 

  • Peru Abarrategi Sarrionandia 608 puntu 
  • Manex Agirre Arriolabengoa, 602,5 puntu
  • Oihane Perea Perez de Mendiola  413,5 puntu
  • Iñaki Viñaspre Simon, 410,5 puntu
  • Xabi Igoa Eriz, 402 puntu
  • Paula Amilburu Izargarai: 384 puntu

 

Serapio Lopezek jantzi zion txapela Abarrategiri.  Arabako lehen bertso eskolen sortzaileetako bat da Lopez, 1982an. Ordutik bertsolari, irakasle eta antolatzaile moduan ekarpen handia egin du, eta bere ibilbidea eskertu nahi izan dio Arabako Bertsozale Elkarteak.

Bertsolari bakoitzak ariketa ezberdinetan lortutako puntuazioak eta argazkiak ikusgai jarri ditu antolakuntzak.

Txapeldunaren bukaerako agurra:

 

Eskakizun txikitxo bat

aterako dut plazara

nahiz Aramaioxo ta Oion

ez den berdin beharbada

probintzi txiki honek du

bere-berea euskara

batzuek ahaztu arren

gu ere euskaldun gara

beraz konplexu guztiak

doazela pikutara

ama berdinak erditu

baditu zazpi alaba

merezi duen moduan

zaindu ezazue Araba

 

 

 

Peru Abarrategi txapeldun