Pentsiodunen mugimendua bertsoen jiran bilduko da Tolosan martxoaren 1ean
Sarrerak asteleheneroko elkarretaratzeetan erosi ahalko dira, 15€ko prezioan
Pentsiodunen mugimendua –
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Bertsopentsiotan ekimena antolatu du martxoaren 1erako. Bertso jaialdi-bazkari bat izango da, Tolosan. Parte hartu nahi dutenek plazetan eman behar dute izena, pentsiodunen elkarretaratzeetan. Tolosako Triangulo plazatik abiatuta, kalejirarekin hasiko da ekitaldia eguerdiko 13:00etan, eta 14:00etan bazkaria eta bertso-saioa egingo dute Zerkausi plazan.
60 urtetik gorako edozein pentsiodunek parte har dezakete, hiru edo sei bertsoren ekarpena eginez. Bertsopentsiotan ekimenean jasotako 57 bertsoen artean, aukeratutakoak abestuko dituzte eta irabazleei saria banatuko diete.
“Ez da jaialdi huts bat edo pentsiodunen kultur emanaldi soila izango. Askoz gehiago da: euskal pentsiodunen ekimena da, bertsolaritzaren espresabidea hartuko du eta ikuspegi horretatik kultur-ekimena da, pentsiodunen euskal-kultur ekimena”, azaldu du talde sustatzaileak.
Bideoa: Goierri Telebista