Ostiralean hasiko da 2020ko Bardo Txapelketa

Bardo Txapelketa –

Nafarroako Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez “dena prest dago 2020ko Bardoak, Nafarroako taldekako bertso txapelketa martxan jartzeko. Urtarrilaren 31an hasiko da egitasmoa, hiru saiorekin, martxoaren 28an izango da finala, Lizarran. Beste behin ere, auzolana eta talde lana izango da oinarri”.
 
Bardo Txapelketa
 

2012an sortu zen BARDOAK, Nafarroako taldekako bertso txapelketa, herrialdeko Bertso Eskolen sarea indartzeko. Bi urtean behin antolatzen da. “Modu horretan, bertsolaritza beste modu batera lantzeko aukera ematen da, bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatuz, gune eta plaza berriak barneratuz eta molde parte hartzaileak praktikan jarriz”, adierazi du elkarteak.

Aurtengo txapelketak berrikuntzak dakartza. Oraingoan, talde parte hartzaileen herriez gain, beste sei herri batu dira saioak jasoko dituztenen zerrendara, eta bertan izango dira txapelketako sei finalaurrekoak: Aniz, Atarrabia, Goizueta, Jaunsarats, Tafalla eta Tutera. Betiko legez, bertsoa Nafarroako ahalik eta bazter gehienetara eramateko apustuari eutsi dio antolakuntzak.

Orotara 20 saio izango ditu taldekako txapelketak. 96 parte hartzaile izango dira guztira: bertsolariak, gai-jartzaileak, antolatzaileak, sukaldariak… Parte-hartzaile kopuruak “ongi erakusten du Nafarroako bertso mugimenduaren osasuna. Are, bertsolaritzaren transmisioan jarritako arreta eta indarraren fruitu dira. Bestelako gailurren oinarri dira Bertso Eskolak eta tokian tokiko plazak, eta oinarri hori sendoa dela erakusten du BARDOAK egitasmoak”, azpimarratu dute sustatzaileek.

Bardo Txapelketa

Bardo Txapelketa