Oihana Iguaran garaile Leitzan, 714 punturekin
Oihana Iguaran garaile Leitzan, 714 punturekin
Oihana Iguaranek eskuratu du puntu gehien Leitzan ospatu den Bertsolari Txapelketako Nagusiko hirugarren kanporaketan. Agin Laburu izan da bigarren, 686 punturekin; puntu bakarrarera, Iñaki Apalategi; Laugarren, Julio Soto, 678,5 punturekin; bosgarren, Unai Agirre, 674,5 punturekin; eta seigarren, Oihana Bartra, 619,5 puntu eskuratuta.
Gora doa txapelketa, zentzu guztietan, gora entzule kopurua, gora puntuazioak eta gora tenperatura. Final-laurdenetako hirugarren kanporaketa jokatu da gaur Leitzan eta 1200 pertsonatik gora elkartu dira bertako udal kiroldegian. Hori, kanpoan geratu diren zaleak kontuan hartu gabe. Eta damutuko zitzaien, oso maila altuko saioa eskeini baitute bertsolariek. Momentuz, jokatu diren hiru kanporaketetako sei puntuazio altuenetatik, bost saio honetakoak izan dira. Hortik kontuak atera.
Giroan sartzeko ez da beroketarik behar izan. Maider Ansa gai-jartzaileak bertsolariak aurkeztu ahala, ikuslegoak futbol talde bateko alineazioa bailiran hartu ditu txalo eta oihu artean.
Kataluniako galdeketaren eguna izaki, bertsolari gehienek egin diote erreferentzia agurretan. Baita saio osoan zehar ere. Esaterako, zortziko nagusian Agin Laburu eta Oihana Bartra jarri dituzte preso daukaten lehengusinari bisitak antolatzen dabiltzan eta hil honetako txandak betetzeko zailtasunak dituzten anai-arreben paperean. Aginek distantzia ez dela kilometrotan bakarrik neurtzen kantatu du lehenengo bertsoan. Honela erantzun dio Oihanak: “Danak joan dira Kataluniara/ kontzientzia lasaitzeko/ erdi ahazturik hemen herri bat/ geratzen dela zaintzeko”. Irristadaren bat salbu, saio txukuna burutu du Oihanak, tamalez, puntuetan islatu ez dena.
Zortziko nagusian ofizio guztiak izan dira gozatzeko modukoak. Aipatu beharrekoa Agin eta Unaik osatu duten elkarrizketa, egun osoa lanean eta haurrak zaintzen igaro ostean, leher eginda sofan eserita dagoen bikote baten paperetik.
Zaila bazirudien ere, zortziko txikian maila bat gora egin du saioak. Umorea izan da nagusi, aipatzekoa odola atera behar baina asmatzen ez duen Agin erizaina eta Julioren artekoa. Hala ere, ariketa honetako saio osoena Iñaki Apalategi eta Oihana Iguaranena izan da. Honela zihoen gaiak: “oporretara elkarrekin joateko plana egiten ari zarete. Zu, Iñaki, wifia eta internetera konektatzeko modurik ez dagoen toki baten bila ari zara. Oihanak esan dizu konektatzeko modurik ez bada, bera ez doala”. Honela ekin dio Iñakik:
“Oporretara goaz
Biok elkarrekin
Kontsultatu ostean
Atrapalo, booking..
Behar dituzu wifi
pasahitz eta pin
Pixka bat konektatu
Ezazu nerekin”
Iguaranek erantzun, “retrasmititu nahi det/ instagramez dena/ besteen inbidia da/ oporren onena”. Umoretik erantzun dio Iñakik, Himalayako mendi puntara joateko proposatuz, “Han juntatuko gara/ satelite denak”. Eta horrela aritu dira, elkarri erantzunez eta gaiari lotutako erreferentziak erabiliz, entzuleen gozamenerako.
Puntu erantzunen tartea heldu da gero eta, Seguran ez bezala, lortu dute bertsolariek saioak zeraman maila mantentzen. Adibide modura, Oihana Iguaranen bigarrena:
“Mutilak futbolari
ta neskak printzesa
Ba ni neskatzat hartzen
ez dago erreza.
Ze, soinekoarenak
sortzen dit pereza.
Askoz hobea ez al da
sailkapenik eza?”
Agin Labururen lehena:
“Mundu gerrak ez dira
sekula bukatzen
Bat berrogeita bostez
bukatu omen zen.
Baino ikusten degu
berriz zuzen-zuzen,
Hirugarren gerrara
gu nola goazen”
Eta Unai Agirreren bigarrena, bere umorearen erakusgarri:
“Bidesaria ez da
batere merkea
Ibiltzen geranontzat
guretzat kaltea.
Poltsikuai egiten
zaio atakea.
Ni pentsatzen hasi naiz
astuan juatea!”
Ondoren, hamarreko txikiaren txanda heldu da. Hiru ofizioak izan dira ederrak, baina bat aipatze aldera, Iñaki eta Aginek osatu dutena izan da. Honela zioen gaiak: “Igeltseroak zarete. Urte asko daramatzazue lanbide honetan. Agin, gaur Iñakik esan dizu bizimodua aldatzeko ikasten hasi nahi duela”. “Orain ikaste hasi/ egin didak grazi/ etxea teilatutik/ ezingo dek hasi” ekin dio Aginek. “Ez, lehenbizi porlan/ eta eskaiola/ Ta ikustean dena/ egonkor dagola/ jarriko ditut teilak/ baldosak ta kola/ bukatu arte etzait/ besterik ajola” jarraitu Iñakik. Eta horrela jarraitu dute, elkarri entzunez eta erantzunez. Bukaerako kolpeak bakarrik transkribatuz azaldu ezin daitekeen ofizio hoietako bat, borobila. Aipatzeko ere, bi Oihanek egindako ofizioan nola eman dion buelta bigarren bertsoan Iguaranek lehenengoan rolez nahastu ostean.
Saio puntuagarriarekin amaitzeko, kartzelako lanaren unea heldu da. Honako gaia jarri die Maider Ansak, hiru bertso osa zitzaten: “Zure giltza sortatik giltza ateratzen ari zara”. Denek utzi dute ale politik baina Oihana Iguaran eta Julio Soto dira haria finen irun dutenak. Oihanaren kasuan, kargua utzi duen alkatearen ahotik abestu du. Lehenengo bertsoan giltzei eta karguari buruz kantatu du: “Ze urduri hartu eta/ ze lasai utzi ditudan”. Bigarrenean, egindako lanarekin harro dagoela adierazi du eta amaitzeko:
“Giltza askatu ta mahaian
utzi diet berehala.
Ta hustu det alkatetza
bulegoan zen apala.
Zenbateraino den pisu
holako giltza txapala.
Eta orain geratzen zait
lan esperantza argala.
Esaten duten moduan,
beteko balitz ojala:
ate bat ixten denean,
leiho bat zabaltzen dala”
Juliok berriz, bikote harreman baten amaiera hartu du aitzakia modura. Honela amaitu du lehen bertsoa: “Nik neraman kopia bat/ berak zeraman bertzea/ Baina jadanik onena/ da llaberotik kentzea/ Batera galdu baititut/ bikotea ta etxea”. Bigarrenean oroitzapenei buruz aritu da eta honako bertsoarekin amaitu du ariketa:
“Zailtasun batzuk ekartzen
Ohi ditu elkarbizitzak
Ta gero bere ardurak
Hartu behar ditu bakoitzak
Noizbait bukatuko dira
Bide hontako oroitzak
Noizbait eguzki ederrik
Ere ekarriko dit goizak
Nik bihotzez maitatu dut
Hala iruditzen zait behintzat
Bihotzez errespetatzen
Diren eran bere hitzak
Nahiz orain aldatu behar
Ditudan sakelan giltzak
Seguru zerrail berriak
Dakarzkidala bizitzak”
Hurrengo zita, datorren larunbatean izango da Zallan (Bizkaia). Bertan arituko diren bertsolariak honako hauek dira: Eneko Abasolo Txabarri “Abarkas”, Jone Uria Albizuri, Miren Amuriza Plaza, Odei Barroso Gomila, Oihane Perea Perez de Mendiola eta Onintza Enbeita Maguregi.