Nerea Ibartzabalen nagusitasuna Zumaian
Arkaitz Oiartzabal Agirre “Xamoa”, Asier Otamendi Alkorta, Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia, Miren Artetxe Sarasola, Nahikari Gabilondo Mendizabal eta Nerea Ibartzabal Salegi bertsolariak igo dira gaur arratsaldez Zumaiako Aitzuri pilotaleku berriko oholtza dotorera. Sarrera guztiak egun batzuk lehenago salduta, harmailak bertsozalez lepo (700 lagun inguru). Kanporaketa baten faltan, kalkulagailuak sutan daude dagoeneko!
Zallatik Zumaiara jauzi egin du asteburu berean bertsolari txapelketa nagusiak. Bezperan moduan, udazkeneko egun paregabea, eguzkia eta giro epela. Arratsaldeak aurrera egin ahala, ordea, tenperaturak gora egin duela esan daiteke, bertsolarien jardunak hala eraginda. Seikotea aztertzen hasita, euren herrialdeetako finaletan kantatzea zer den dakiten bertsolariak denak ere, Nahikari Gabilondo zarauztarra salbu. Bertsolari horietako batzuk, gainera, bertsozaleen ahotan dabiltza bolo-bolo azken asteetan, euren plazako jardun emankorra dela medio: Nerea Ibartzabal eta Miren Artetxez ari gara, besteak beste. Edozein kasutan, sei bertsolariak ere eskarmentu handikoak eta euren onena emateko prest hurbilduak Zumaiako hitzordura.
Saio puntuagarriari hasera eman aurretik, haserako agurren tartea, ohiko moduan. Azken boladan Zumaia hizpide izan da hedabideetan, “Game of thrones” telesail ezagunaren kokaleku ez ezik “Ocho apellidos vascos” filmako pasarte batzuk ere bertan grabatu izanagatik. Ibon Ajuriagojeaskoak erreferentzia horiek izan zituen hizpide:
Kaixo Zumaia kantura nator
hona estrainekoz
errodajea hasiko dugu
kameraz ta fokoz
“Ocho apellidos vascos”
geurea hobea askoz
kasting-erako aurkeztu gara
seikote apropos
tronurik ez dugu gaurkoz
bertsoen jolas ta jokoz
barruan dugun bertsio onena
ematera gatoz.
Marta Ugartek gidatu du saioa, eta agurren ondotik 8ko nagusiko ariketak eman die hasera lan puntuagarriei. Miren Artetxe eta Nahikari Gabilondoren lana izan da bereziki txalotua, elkarrizketa aparta osatu baitute elkarri erantzunez eta elementuak ekarriz uneoro ofiziora. Hotel bateko garbitzaileen paperean aritu dira, gela bakoitza garbitzeko 10 minutu baino ez dutelarik. Egun osoa daramate lan horretan. Lapurtarra hasita, hona hemen osatu duten lana:
Maindireetan perfekzioa
ispiluetan dizdira
denak egoki egon behar du
lanpara ederren argira
gero milesker xume triste bat
helduko balitz sikira
ile txiki bat aurkituz gero
ederki kexatzen dira.
Nagusiak maiz esaten digu
ez garela portatzen fin
gelarik gela minutu orori
ateraz mila etekin
guztia ezin egin ta hautatzen
beharko genuke jakin
Koadroei hautsak ondo astindu
Edo ta oheak egin.
Egunez egun aurkitu behar
zalantzari erantzuna
soldatak baino haundiagoa
dugu erantzunkizuna
gu biontzako matematikak
krudelak dira laguna
hamar minutu gela bakoitza
ta hamar euro eguna.
Ile ta zimur guztiak ondo
uzteko zenbat apuru
azkar ta ondo egin zazue
jarri digute helburu
hamar minutuz ahal bezain ondo
dena txukun uzten dugu
beren etxeko logelak baino
askoz hobeto seguru.
Besteen poza bilakatzen da
gu biontzako desgrazi
egoerari buelta ematen
oraindik ez dut ikasi
artrosian ta lunbareetan
hobe ez pentsatu kasi
hotelekoak bukatzen dira
eta etxekoak hasi.
Artrosia ta gerriko mina
ez dira xamurrak klaro
baina honetan ditugu jada
urte gehiegi igaro
etxeko lana ez da hobea
hori oso argi dago
hemen gutxitxo kobratzen degu
ta han askoz gutxiago.
Lanetan aurrera eginaz, 8ko nagusiko ariketak 8ko txikikoari eman dio paso. 8ko nagusiko ariketan Asier Otamendirekin halamoduzko bertsoaldia osatu ostean, ariketa honetan hasi da Nerea Ibartzabalen erakustaldia. Gozoki denda bateko langilea da Nahikari Gabilondo, eta bertako bezeroa Ibartzabal, denbora luzean hara eta hona dabilena. Gabilondo laguntza eskainiz hurbildu zaionean, ahoa bete gozoki duela ikusi du. Nahikarik irekitako bideari ederki segi dio Ibartzabalek, ume inozente ez hain inozentearen papera bere eginaz:
Ondo kudeatzea
ez da hain erreza
bezero lotsagabe
eta aldrebesa
ahoa hemen husterik
ez zazula pentsa
baina utzi patrikan
dezun palotesa.
Palote hori gero
probatu nahi nuke
bakarrik dauzkat eta
bederatzi urte
ta ipuinek horrenbeste
fantasia dute
sorginek gozokiak
pozointzen dituzte
Nik ez det aterako
erraz etekina
hala begi itxirik
jardungo bagina
bederatzi urterekin
bizkorra jakina
ta zu zera pozoirik
ez duen sorgina
Baina apurka apurka
banoa handitzen
nahiz eta lehen neskato
hain formala nintzen
harrapatu egin nauzu
gozokiak biltzen
ikusten ez bazaitut
ez zara esisititzen.
Ez sartu begi itxi
hoien babesean
nahiko azukre bada
zeneukan gosean
hona ez zaite sartu
denbora luzean
zure gurasoekin
etorri ezean.
Baina ez zaitez ipini
orain hain erreta
amakin etorriko
naiz berriz tarteka
ta umore txar horri
emaiozu buelta
pika-pika gehiegi
jan dituzu eta.
Zumaiako saioan ez da puntu erantzun gogoangarriak entzuteko aukerarik egon tamalez. Puntu sortaren batean tematika bera ere behartu xamarra begitandu zaigu, eta punturen bat modu traketsean proposatua ere bai: noiztik da arraunketa proba bateko saria “banderola”? Edozein kasutan, Nerea Ibartzabalen lana nabarmenduko dugu atal honetan:
Nora bidaiatuko
zenuke gustura?
Abioia eskeinita
niri ez dit ardura
Chicago, Massachusetts,
ta agian Kuba
mundua repasatzen
pasatu dut uda.
Zergatik da polita
beti kanpokoa?
Etxekoa da asko
ikusitakoa
hori da modernook
daukagun jokoa
baina buelta izaten da
beti gustokoa.
Bisitatzeko toki
asko dago hemen
ta hori ikusten da
bertan nahiko garden
begira ze paisaiak
hain dotore dauden
kanpoan nik ez dakit
zertan ari garen.
10eko txikiko ariketa heltzerako giroa pil-pilean Aitzuri pilotalekuan. Gaiek ere bidea ireki dute bertsolarien luzimendurako, eta ikusleen txaloak ugaldu dira bertsoladi hauek aurrera egin ahala. Ibon Ajuriagojeaskoak eta Nahikari Gabilondok bertsoaldi ederra osatu dute elkarri erantzunaz eta batek irekitako bideari besteak segiz etengabe. Bikotea dira, Nahikari herriko zinegotzia da eta orain Europako Legebiltzarrera joatea proposatu diote. Kontziliazioa izan dute hizpide, politikarien kasuan are zailagoa dena, kasu askotan. Hona hemen bertsoaldia, bizkaitarra hasita:
Bidaietan badira
horrenbeste gastu
baina gure giroa
ez al da eskastu
zure bizitza egin dut
nik beti erraztu
zure kurrikuluma
nahi duzu aberastu
bi ume dituzula
ez sekula ahaztu.
Giroa berdin dago
gutxi-gorabehera
kurrikulumarena
diozu, bai zera!
Ta umeez ahaztea
posible ote da?
Ezingo degu utzi
holako aukera
eta etor zaitezte
nerekin batera.
Onartu gura duzu
orduan eskaintza
Bruselasera joanda
guztian emaitza
soilik ez dago zugan
gure etxeko giltza
zure ondoan joatea
da zure baldintza
umeek ta nik dugu
herrian bizitza.
Nahiz herri hontan bizi
geran gu luzaro
ez nuke nahi denbora
gehiago igaro
nahiz eta aldaketa
gertatu arraro
neretzat dena oso
argi dago klaro
bizitza gauden leku
hartan bertan dago.
Harritu egiten naiz
hori eskatzean
zuk ez ote dakizu
zer duzun atzean
non nagoen lekua
ondo pentsatzean
nik ondoan nahi zaitut
betiko antzean
ta umeek nahi dute
amatxo etxean.
Esan dezu ez zarela
lekuz aldatuko
jarrera ezkorra dezu
hitzegin orduko
beraz ezezkoa da
zure hitzak lekuko
batera egoteari
nola egin uko
eta erabakia
ez det nik hartuko.
Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” eta Nerea Ibartzabalek ere elkarrizketa polita osatu dute ariketa berean. Argazkilaritza estudio bat dute elkarrekin eta orain arte ezkontza zein jaunartzeetarako erreportajerik egin gabeak dira biak. Jardun horretan hastea proposatu dio Ibartzabalek Xamoari. Hona hemen bertsoaldia, Xamoa hasita:
Adiskidetzat daukat
argazki kamera
nahiz ta pobrea izan
gure ibilera
Nerea nola joan
jaunartze batera
sortzaile izan nahi nuen
zerorren antzera
ta ez naiz ausartzen nire
sorkuntza saltzera
Ta sentitzen al zara
nolabait poeta
orain bi argazki eskas
ta orain karneta
orain bertsolariak
eta txapelketa
kontraesanak zilegi
ditugu tarteka
hemendik ez daukagu
bizitzerik eta.
Baina ez da zertan eman
halako saltoa
bada erdibide bat
hori da gakoa
egigun gogoeta
behar bezalakoa
irribarre bat nahi dut
nik benetakoa
ta ez haur bati derrigor
ateratakoa.
Baina ikusten dira
beti ta edonun
nahiz gai hortan hortera
duten denek jardun
guk teknika berriak
ditugu ezagun
eta irri berriak
ere noski lagun
jaurnatzeko argazkiak
berrasma ditzagun.
Jaunartzekoak dira
kontu sensibleak
zuk zureak dauzkazu
eta nik nireak
nahiz ta biak sentitu
sortzaile libreak
desberdindu behar dira
gu bion ideak
bidegurutzeak ta
gurutzebideak.
Beraz hona arte eman du
gure eguzkiak
ta desberdindu dira
geneuzkan astiak
nik pozik hartuko dut
umea, piztiak
ta flashez bete orain
jaunartze guztiak
nik ogia nahi baitut
eta ez ostiak.
Saioko azken zatiari dagokionez, hamaika helduleku izan ditzakeen gaia proposatu du gaijartzaileak: “zaborretara botatzera joan zara, baina gorde egin duzu azkenean”. Bertsolariek hainbat proposamen egin dituzte gaiaren harira, eta jarraian Nahikari Gabilondoren eta Asier Otamendiren bertsoak daude irakurgai, zer nolako aukerak hautatu dituzten kontuan hartzeko. Bereziki deigarria izan da Otamendiren kasua: bera izan da kartzelatik itzultzen azkena, eta bere aurretik jardundako bertsolariek zamatutako karga dramatikoa arintzea lortu du bere lan orijinalarekin. Saioaren hasera partean bereziki gorabeheraren bat izan ostean, saioa errematatzerako orduan bete-betean asmatu du Urretxun jaiotako bertsolari gasteiztarrak.
Hona hemen Nahikari Gabilondoren lana:
Apirilaren hamalaua zen
gau euritsu ta iluna
istripu batek gure semea
ondotik kendu ziguna
eta geroztik negar hotsa det
eguneroko jarduna
madarikatuz Jokin bidetik
atera zuen laguna
nahiz ta askori gertatu zaion
guri gertatu zaiguna
minez sofatik altxatu gabe
igarotzen det eguna.
Sofak irentsi ninduenetik
pasa da nahiko denbora
eta geroztik galduak ditut
hamasei kilotik gora
nahiz eta nere malko artean
ni ez nagoen gustora
kanpora irten nahi dut hemendik
kanpora bai baina nora
ta ohartu naiz inola ere
ez naiz helduko inora
lehenengo urratsa egin ezean
nire minetik kanpora.
Erabaki det hartu behar det
erosi nion maleta
ta ipini det haren arropaz
ta oroitzapenez beteta
edukiontzira heldu naiz eta
laster galdu det oreka
begiak malkoz ipini diot
maleta horri arreta
etxera itzuli ta utzi det berriz
armarioan gordeta
ahaztu gabe aurrera egiten
ikasi behar det eta.
Hunkigarriak, benetan, zarauztarraren bertsoak. Jarraian, Asier Otamendiren kartzelako lana:
Gure etxea garbitzeko ere
ailegatu da sasoia
beiratu ditut ganbaraldean
berdin behia eta goia
aurkitu ditut jostailu zaharrak
ta aurkitua dut lohia
dena garbitu ta gordetzeko
badut baina arrazoia
zaborretara bota behar nuen
baina gordetzera noia
hamalau urte nituenean
lapurtu nuen Playboya.
Argazkieri emana diet
lehenbizi pare bat buelta
hobeto nuke errebista hau
nere kajoian gordeta
gure bizitzak nola eman dun
egundoko aldaketa
errebista hau sentitzen dut nik
emoziotan beteta
ta une hontan egin behar dut
oroimenan ariketa
rebista hontara mugatu baitzen
gure sexu heziketa.
Alde batetik poza ematen du
beste aldetik desditxa
dagoeneko rebista dago
horiztatua ta hitsa
garai hartatik gure garaira
aldatu zaigu bizitza
guraso elkarte batean nabil
hor egiten dut ekintza
ta aldaketa sartu nahiean
buru-belarri gabiltza
gaur heziketa izan dezaten
zabala eta anitza.
Ariketa gehienetan gainerako bertsolarien gainetik ibili ostean, Nerea Ibartzabalek jaso du punturik gehien (698.5) eta horrenbestez azaroaren 4an Maule Lextarren kantatzeko txartela lortu du. Gainerako bertsolariek zain egon beharko dute aukerarik duten ala ez jakiteko: Nahikari Gabilondo (661.5), Miren Artetxe (661.5), Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” (627.5), Asier Otamendi (617.5) eta Ibon Ajuriagojeaskoa (616). Tolosako final laurdena baino ez da falta. Tentsioa arnas daiteke…