Mixel Aire hil da
Mixel Aire hil da –
Mixel Aire Etxebarren —Xalbador II.a ezizenez ezaguna— (Urepele, Nafarroa Beherea, 1944ko maiatzaren 5a – 2025eko urtarrilaren 14a) bertsolaria izan zen, Xalbador bertsolariaren semea. Ogibidez artzaina izan zen. 1976an Mari Michel Bertart-ekin ezkondu zen; hiru alaba izan zituzten, Miren, Amaia eta Paxkalin, euskal kantagintzako Aire Ahizpak hirukote ezaguna osatzen dutenak.
23 urte zituela egin zuen debuta oholtza gainean, Hazparnen, aitarekin batera, 1967an. Mattin, Jon Lopategi eta Txomin Ezponda ere oholtzan ziren.
Kalifornian bizi izan zen bost urtez, artzain lanetan. Bertan zela idatzi zuen Ameriketan bakarrik Eskual-Herria gogoan bertso sorta.
Lo nagolarik amentsetan-ta pentsatzen iratziarrian
Denbora puxka bat huntan nago trantze ikaragarrian
Urrikiz egin korropilo bat dut bihotzaren gainean
Ez bainiz egon ene denbora guzian Eskual-Herrian.
Eskual-Herrian hain da haundia Amerikak duen fama
Parabisu bat zela nik huntaz frangotan nuen entzuna
Bainan ohartzen da hunat jin-ta bere gostuz Eskualduna
Maluros dela hau hemen nola purgatorion arima.
Olibetako baratzeaz niz Ameriketan orroitzen
Jesus utzirik bera bakarrik Judas nola urrundu zen
Eskual-Herria ez ahal nuzu zuk Judasi konparatzen
Zure uztea zonbait nigar ta atsegabe zaut gostatzen.
Zertako nahi izan du hunat jin nadin ene zorteak
Zuzen ote da hoinbertze sofri dozen Eskualdun gazteak
Noiz pasatuko ote zauzkigu heldu diren bortz urteak
Ikus ditzadan Eskual-Herrian utzi izaite maiteak.
Maite direnen uztea bat da, gero dira hor konduak
Higuingarriak ere badauzka hainbertze gauza munduak
Egun guziez otoizten ditut zeruetako sainduak
Ez nezan garrait bakarrik nizan denboran etsimenduak.
Eskual-Herrian etsai bat ere nehoiz ez nuen izana
Ameriketan sartu-ta laster bazaut bat gainerat jina
Nahi dautzuet deneri erran etsai txar horren izena
Gure mintzaira maitean hori deitzen da bakartasuna.
Hau laguneri erraitearen behar-ordua dut sendi
Nehondik ahal badira diten beren sort-herrian geldi
Ni handik hunat jin berri niz ta dolutua zaut aspaldi
Ai! Ezagutu banu aski goiz zoin maite dutan Euzkadi.
Mixel Aireren bertsoak
Berriro ere Euskal Herrian Mixel Aire Etxebarren Xalbador II.ak bat-bateko sariketa askotan parte hartu zuen, batik bat Nafarroako txapelketetan: 1980tik 1996ra bitartean hamazazpi aldiz lehiatu zen, eta finalera iritsi zen gehienetan, baita hiru txapel jantzi ere (1980an, 1985ean eta 1988an). Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa batzen dituen Xilaba txapelketan, berriz, bi aldiz aritu zen: 2008an eta 2010ean. Txapel horiez gain, Artxanberri saria jaso zuen 1978an, eta Osinalde saria 1981ean.
Bertsolari aldizkarian 2018an idatzi zuen azkenengoz, Idazmakinaz sekzioan, bere bizitzan zehar bertsoaren bueltan izandako hainbat pasarte eta gogoeta hizpide.
Aldizkaritik doluminak helarazi nahi dizkiegu etxekoei eta lagunei. Eskerrik asko emandako guztiarengatik. Biba Mixel!
- Bertsozale Elkartea: Mixel Aire “Xalbador II” zendu da
- NAIZ: Mixel Aire «Xalbador II» bertsolaria pausatu da
- Berria: Mixel Aire Etxebarren ‘Xalbador II.a’ hil da, 81 urtetan
- Euskal Irratiak: Mixel Aire Etxebarren ‘Xalbador II’ bertsolari eta artzaina zendu da
- ARGIA: Mixel Aire Etxebarren ‘Xalbador II’ zendu da