Mariano Izeta sariketako finala ostiralean, Elizondon
Mariano Izeta sariketako finala ostiralean, Elizondon –
Nafarroako Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez, Irurtzunen eta Lizarran kanporaketak jokatuta, zehaztu da VIII. Mariano Izeta bertso sariketako finalean arituko diren bertsolarien zerrenda. Amaia Elizagoien, Irati Majuelo, Josu Sanjurjo, Mikel Lasarte, Saats Karasatorre eta Sarai Robles izango dira finalistak. Ostiralean jokatuko da finala, 19:30ean Elizondoko Arizkunenean.
Zehaztu da Izeta Sariketako finala. Pasa den ostiralean jokatu ziren bi kanporaketa, Irurtzunen eta Lizarran, eta orduan argitu zen finalean arituko diren bertsolarien zerrenda. Kanporaketa bakoitzetik hiru bertsolari pasa dira finalera: Irurtzundik, Mikel Lasarte, Amaia Elizagoien eta Saats Karasatorre, eta Lizarratik Josu Sanjurjo, Sarai Robles eta Irati Majuelo. Azken honetan Xabat Illarregik lortu zuen berez finalerako txartela, baina ezingo du Elizondon egon, eta beraz, bere saioko laugarrenak (Irati Majuelok) beteko du bere tokia. Hauek izan ziren bi kanporaketetako sailkapenak:
Irurtzungo kanporaketa
Mikel Lasarte: 180 puntu
Amaia Elizagoien: 170,5 puntu
Saats Karasatorre: 166,5 puntu
Patxi Castillo: 165,5 puntu
Idoia Granizo: 160,5 puntu
Aitor Irastortza: 150,5 puntu
Lizarrako kanporaketa
Josu Sanjurjo: 184, 5 puntu
Xabat Illarregi: 180 puntu
Sarai Robles: 172,5 puntu
Irati Majuelo: 155,5 puntu
Endika Legarra: 146,5
Egoitz Gorosterrazu: 142,5
Entzule ugari bildu ziren bi saioetan, Irurtzungo Pikuxar Elkartean eta Lizarrako La Bota peñan, bertsolarien jarduna bertatik bertara jarraitzeko. Zigor Gartzia izan zen Irurtzunen gai-jartzaile, eta Arkaitz Goikoetxea, Miel Mari Elosegi “Luze” eta Joxema Leitza aritu ziren epaile lanetan. Lizarran, berriz, Maialen Kaminok bete zituen gai-jartzaile zereginak, eta Jon Abril, Julen Zelaieta eta Aitor Irazustabarrena arduratu ziren bertsolarien lana epaitzeaz. Bi kanporaketen ostean merendua eskaini zuten elkarte laguntzaileek, bildutako guztientzat.
Finala, ostiralean Elizondon
Horrenbestez, zehaztu da VIII. Mariano Izeta bertso sariketako finala. Heldu den ostiralean, azaroak 23, jokatuko da, Elizondoko Arizkunenean, 19:30ean, eta doako sarrerarekin. Bertan izango dira Mariano Izeta zenaren senideak ere. Puntu gehien biltzen dituen bertsolariari txapela emateaz gain, finaleko bertso onena ere sarituko du epaimahaiak. Guztira, ondorengo lanak osatu beharko dituzte sei bertsolariek:
• 8ko handian binaka gaia emanda hiruna bertso
• 8ko txikian binaka gaia emanda hiruna bertso
• Zortziko txikian, banaka, bi punturi erantzun
• Binaka hiruna kopla gaia emanda
• Bakarka gai bati bina bertso
Nafarroako Bertsozale Elkartea eta Baztango Udala dira Mariano Izeta Sariketaren antolatzaileak, eta Baztango Bertso Eskola ere aritzen da finala antolatzeko lanean. 2004. urtean antolatu zuten sariketa lehen aldiz, eta bi urtean behin jokatu da ordutik; tarte horretan, ondorengoak izan dira txapeldunak: Jon Barberena, Oier Lakuntza, Jon Elizetxe, Iñaki Aleman, Aimar Karrika, Saioa Alkaiza eta Joanes Illarregi.
Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001) herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertzeko helburua du bere izena daraman sariketak. Izeta Sariketak, garai batean jokatzen zen Xalto Sariketa edo iaz abiatutako Bertsokabi Sariketa bezalaxe, Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei bultzada ematea du xede, plazak eskainiz, haien bertsogintza garatu eta ezagutzera eman dezaten.