Maria Luixa Erdozioren izena jarri diote Azkaineko parke bati

Mari Luixa Erdozio Etxeberri (1846, Azkaine – 1925, Donibane Lohizune) lapurtar bertsolaria izan zen, Ipar Euskal Herriko ezagutzen den lehen emazte bertsolaria.

Guraso bakarraren alaba zen. Azkainen sortua, Patinenia etxean bizi, ofizioz laborari, bizitza Donibane Lohizuneko arrantzaleen Fargeot auzoan bukatu zuen, 1925an. Bertsolaria zen, inprobisatu egiten zuen plaza publikoan. Lehiatu ere egiten zuen eta baita irabazi ere: Lore Jokoetan hiru aldiz parte hartu zuen eta hiruretan saritu zuten. Pierre Etxeberri marinelarekin ezkonduta, hamahiru seme-alaba izan zituen.

2021ean, Azkaingo Herriko etxeak ohoratu zuen eta argitan ezarri herritar talde batekin partaidetzan, Les Bask’Elles elkartearen erakusketaren bitartez.

Orain, “Emazteak plazarat” ekimenaren baitan, Azkaingo herriko etxeko berdintasun batzordeak omenaldi ibiltaria antolatu zuen herrian zehar. Maddi Ane Txoperena bertsolaria aritu zen kantuan eta hala kantatu zion Mari Luixari: “oraindik ere ez pentsa ez da hain gurea oholtza, oraindik ere ditugu beldurra mina ta lotsa, hortaz eskertu nahi dizut gaur dezakedala goza, zuri eskerrak baitaukat nik ere hemen ahotsa”.

Maria Luixa Erdozio

Maria Luixa Erdozio