Luzia Goñi bertsolaria hil da

Luzia Goñi bertsolaria hil da –

Nafarroako Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez 91 urte zituela hil zen Luzia Goñi Olias (Aizarotz, 1928) iragan igandean: “etxetik jaso ez arren, gaztetatik sentitu zuen bertsolaritzarekiko grina eta afizioa. Berak kontatzen zuenez, 16 urterekin Errenteriako Retegi tabernan hasi zen lanean, eta hara maiz joaten ziren bertsolariak entzunda (batez ere, Manuel Olaizola Uztapide eta Jose Joakin Mitxelena zituen gogoan) zaletu zen. Ogibidez sukaldari aritu zen luzaroan, eta talogile ere ibili zen, plazaz plaza”.

50 urte bete aurretik alargundu zen, eta orduan hasi zen bertso idatziak lantzen: gai sozialak, protesta bertsoak, barne sentimenduei buruzkoak, jaioterriari eta aspaldiko garaietako oroitzapenei. “Bihotzetik ateratzen direnak dira nire bertsoak”, esana zuen Luziak. 

Elkarteak adierazi duenaren arabera, “bere garaiko emakume gehien-gehienen antzera, ordea, aukera gutxi izan zituen plaza publikoan jarduteko. Garaiko pentsamenduari egozten zion berak hori: “Lehen, beldurragatik, gauza asko ez ziren egiten”. Dena dela, tarteka, bere idatzitako bertsoak kantatzeko aukera baliatzen zuen, hainbat ekitalditan”.

2017an egin zion aitortza Nafarroako Bertsozale Elkarteak, urte hartako Nafarroako Bertsolari Txapelketan irabazleari txapela jartzeko aukera emanez. Julio Sotori jantzi zion.

Justuki Hitzetik Hortzera saioak igandean bertan eman zuen Goñirekin orain gutxi grabatutako elkarrizketa.

Mila esker denagatik, Luzia.

 

Luzia Goñi bertsolaria hil da