Loratu da udaberriko alea
Loratu da udaberriko alea –
Izotzak izotz, loratu da udaberriko alea. Indartsu ekin diogu 2022ari, esku artean duzun ale hau lekuko.
Zaldieroak emango dizu ongietorria, eta ondoren Markos Zapiain filosofo kontenplalariak idatzitako gogoetaz hausnartzeko parada izango duzu.
Bertso beefak edo ika-mikak ditu hizpide Kepa Matxainek, historian zehar bertsolarien artean eman diren dema dialektikoak. Sorta esanguratsu batzuk bildu ditugu guk ere handik eta hemendik. Gaia errematatzeko Zuberoako txikitoei buruzko Joseba Aurkenerenaren artikulu bat dakargu… txikito zerrenda luze batekin, prefosta.
Ane Zuazubiskar antolakuntza lanetan jardun zen iazko Señora Sariketan, eta esperientzia hark utzi zuenaz idatzi du.
Iker Zubeldiari elkarrizketa egin dio Gorka Azkaratek. Iban Urdangarinek bertso sorta eskaini dio bere adiskideari.
Perlak atalean 2004an Bergarako Arrano elkartean ospatu zen bertso saio bat ekarri du gogora Amaia Agirrek. Maialen Lujanbio eta Estitxu Eizagirre aritu ziren kantuan.
Rudolf Trebitsch antropologo, etnologo eta hizkuntzalari austriarra Euskal Herrian barna ibili zen 1913an, eta utzi zuen ondarearen berri eman digu Inaxio Lopez de Aranak.
Ttakun-Herren atalean topatuko dituzu Haritz Mujika eta Ane Zuazubiskarren bertso sortak. Jarraian iragan urtean ospatu ziren herrialdeetako txapelketen inguruko erreportajeak irakurtzeko aukera daukazu, denborak ematen duen perspektibatik idatziak.
Gipuzkoan garrote bidez exekutatutako azken pertsona izan zen Joxe Frantzisko Tejeria, Aiako Muatz baserriko semea, 1900.urtean. Kasuaren inguruko bertsopaperak zabaldu zituen Juan Mari Zubizarreta “Etxeberritxo” bertsolariak. Beñat Hach Embarekek kontatu dizkigu nondik norakoak.
Ikerketa atalean hainbat lagunen artean ondutako ekarpena jaso dugu: “Bertsolaritzaren komunitate funtzioak: bertsolaritzan aktiboak diren belaunaldi ezberdinetako emakume gisa sozializatutako agenteen bizipenetatik”. Ines Huarte Gonzalez, Leire Amenabar Larrañaga, Ane Bengoetxea Erezuma, Miren Aiertza Odriozola eta Ana Villanueva Martinez dira egileak.
Ilbeltza oso beltza izan da Debagoienan. Aurrena Xanti Iparragirre itzaldu zen, eta jarraian Danel Goikolea. Jon Sarasuak gogora dakartza, eta bi debagoiendarrei eskainitako bertso ugari biltzen aritu gara han-hemenka.
Nazioarteko atalean Brasilgo repenteaz mintzo da Thierry Rougier, eta Idazmakinaz sekzioan Txomin Ezpondaren agurra dakargu.
Amaitzeko, Gasteizen barna eramango gaitu paseoan Ruben Sanchezek.