Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketako sariak banatu dira
Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketako sariak banatu dira –
Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketaren XXXIII. edizioa jokatu da aurten, Argi Berri Elkarteak antolatuta Ordiziako Udalarekin batera. Igandean egin zen sari banaketa, Barrena jauregian. Hauek izan dira sarituak maila desberdinetan:
GAZTETXOETAN (13 urte artekoak): 7 lan guztira
1. Narbarteko MAIALEN URTXEGI BIDEGAIN
2. Hernaniko EKAI LEGORBURU ETXEBESTE
3. Azkoitiko NORA ARRIZABALAGA ARRIETA
Oharra: maila honetan gaia denentzat berbera izan da: “olinpiar jokoak badatoz”.
GAZTEETAN (14-18 urte bitartekoak): 4 lan guztira
1.Desert
2.Bilboko MARA ORBE ALKALDE “babes ditzagun guztiak” lanagatik
3.Villabonako ARATZ ARZELUS ARANBURU “nahi dutenaren islada” lanagatik
HELDUETAN (18 urtetik gorakoak): 13 lan guztira
1.Hernaniko IÑIGO LEGORBURU ARREGI “irreal apolitik” lanagatik
2.Errenteriko JULIAN ALBISTUR ARANBURU “23. Korrika Euskal Herria ezagutuz” lanagatik
3.Hernaniko IÑIGO LEGORBURU ARREGI “hamarren bularra” lanagatik
Oharra: azken bi mailok gaia librea zuten.
IRREAL APOLITIK
DOINUA: Ke azpitik, su gainetik
Gaurko iritzi-emaile
ta guruen harian
Fake news-en emarian
auto-defentsa sistema
jarri ohi zait abian
itzalpeko argian.
Pribatutasun publiko
zail baten eskarian
maiz jausten naiz, agian
politikorik gabeko
politiken kabian. (BIS)
Auto-exijentzia da
mundu honen zioa
denon obsesioa
buruari jarraituta
gorputz espresioa
ahaztea, desioa!
Utikan gorputzaldiak!
Gora anbizioa!
Ni, oposizioa
nire buruari jarriz
zentsura mozioa! (BIS)
Bakoitzaren bideorri
ta kurrikulumean
bidaia zurrunean
norberaren pozak jartzen
badira urrunean
bizipoza xume, han.
Besteen hitza nagusi
den ziurtasunean
galderen hutsunean
itaunik ba ote giza
erreferendumean … (BIS)
Elkarte zein direktibak
ari direnez husten
zaharragoen purrusten
menpe gabiltza gazteok
haserraldiak puzten
ta egoak gorpuzten.
Fedea jarritakoan
Zuckenberg, Elon Musk-en
digute erakusten
auzolana gutxietsiz,
lanak auzoan uzten. (BIS)
Partidu batera lotzen
bagaituzte lau hizkik
horrek badu gazitik
erdi sekta gisa amai
dezakegu gerritik
ze lemak badakizkit.
Garrasi egin liteke
atera gabe txintik
Anoetan, aitzitik
itsustasunean bada
antza, Real politik! (BIS)
Balizko lehen munduraino
kolpez eratorriak
HIESak, elgorriak
jotako beltzak al dira
hain ongi etorriak?
Labela … jatorriak!
Besteen miseri denak
edo tripa-zorriak
albora igorriak …
Asko zuritzen ditugu
gure marra gorriak! (BIS)
Genozidioak darrai
Siriako herrixkan
Palestina, Kurdistan
izenak pilatzen dira
orduro, telebistan
amaigabeko listan …
Aintzinako brigadista
bihurtzean turistan
dramak ipurdi bistan:
Gehiengo absolutu bat
modu absolutistan! (BIS)
Gizarteko statusak
ta eskaparateak
ixten ditu ateak
genero disidenteei
zapuztuz aldarteak
Drag, queer, trans-ei kalteak!
Hankapean ez al dira
hartzen hanka-tarteak?
Ukatuz debateak …
Zenbat du diktaduratik
herri borondateak? (BIS)
Belizismoan gustura
aurkitzen da ludia
ta ultra-eskubia
xenofobiaren bidez
gorakada haundia
botererantz zubia!
Liskarrak hartu du nire
barne mapa-mundia
bihotzean zauria:
Isilik geratzea da
nire bozka txuria. (BIS)
Iparraldean euskarak
jasan du erasoa:
Ezin egin baxoa
baina guk hegoaldean
utzikeriz jasoa,
hor konpon arazoa!
Mugak barneratzea da
guztion frakasoa
estutzean lazoa
bertan goxo jarraitzea
da euskal sorpasso-a. (BIS)
Gaur errespetatzen dira
lurzoru etikoak
hori dio mitoak
haurren multi-kirolean
nahastean ekipoak
Elektrak, Edipoak …
Ta kuadrillan zaindu arren
arlo kosmetikoak
kuadrillak … betikoak!
Benetan nahasten al dira
gure talde mistoak? (BIS)
Bizitzan aurrera nola
goazen abiadan
harritzar bat sorbaldan
hartuz Sisiforen eran
behin ta berriz iladan
gorantza goaz maldan.
Izaki politikoak
gara lehen begiradan!
Beraz, onar dezadan
kanpora begira bizi
den barne asanbladan. (BIS)