Larunbat honetan hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
Iragan asteburuan aurkezpen jaia egin zuen elkarteak, parte-hartzaile, babesle, eta eskualdeko bertso-eskoletako kideekin. 25 urtetik azpiko saria eta sintonia aurkeztu zituzten.
Larunbat honetan hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa –
Eskoriatzako Apotzaga auzoan izan zen ekitaldia, Almen bertso-eskolaren biltzeko tokian: txapelketako parte-hartzaileak, Debagoienako bertso-eskoletako haurrak, Almeneko kide gazte zein zaharrak eta txapelketaren babesleak elkartu ziren bertan. Bertso-eskola horren sorreraren 50. urteurrena oemndu nahi izan du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Bertso-eskolen garrantzia azpimarratuz, duela 50 urte bide bat ireki zuten lagunen lana eskertu dute antolatzaileek. Txapelketak ere egin nahi dio aitortza belaunaldien arteko transmisioari, eta bide horretatik beste berrikuntza bat aurkeztu zuten: 25 urtetik beherako bertsolari onenari saria. Txapelketan parte hartuko duten 48 bertsolarietatik 10 daude adin tarte horretan (saria finalaren egunean emango zaio).
Txapelketa honetako sintonia ere zabaldu dute. Trigger musikariak prestatu du, “doinu tradizionalak eta musika elektronikoa nahastuz”.
Urretxuko saioan, irailaren 14an, bertsolari hauek ariko dira kantuan:
- Andoni Rekondo Izagirre
- Ane Zuazubiskar Iñarra
- Antton Aizpurua Aldape
- Jon Gurrutxaga Urbieta
- Mikel Iturriotz Etxaniz
- Unai Mendizabal Jauregi
Gai-jartzaile Ion Zaldua Brit ariko da.
Lasarte-Oriako saioan, irailaren 15ean, bertsolari hauek ariko dira kantuan:
- Aitor Zubikarai Salegi
- Amaia Iturriotz Etxaniz
- Aner Peritz Manterola “Euzkitze”
- Iñigo Mantzizidor Larrañaga
- Manu Goiogana Bengoetxea
- Oier Etxeberria Zubimendi
Gai-jartzaile lanetan Haritz Alberdi Alberdi ariko da.
Epaileak, bi saioetan, hauek izango dira: Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Iñigo Legorburu Arregi, Jon Diaz de Mendibil eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan, aldiz, Aratz Irazustabarrena Garmendia ariko da.
Sarrera bertsosarrerak.eus atarian daude eskura.