"Lana festa bihurtuz": Anjel Larrañagaren disko-liburua
Lana festa bihurtuz –
Urola Kostako Hitzak jakitera eman duenez, bertsolari eta pandero jotzaile azkoitiarrak liburua eta diskoa aurkeztu ditu, Azkoitiko Urrategi auzoan. Besteak beste, Kupela taldean egindako ibilbideagatik da ezaguna musikaria. Disko-liburua salgai dago dagoeneko.
Anjel Larrañaga bera, Joxean Agirre liburuaren idazlea eta Marta Agirrezabala Lankuko koordinatzailea izan dira aurkezpen ekitaldian, bertso eta trikitixa munduko beste hainbat lagunekin batera. “Orain arte egindako lanak merezi izan du hauxe ikusteagatik bakarrik; portatu zarete eta eskerrik asko denoi. Azken urteetan lana nola borobildu galdetzen nion neure buruari. Garaiak asko aldatuta daude, eta diskoak ez dira lehen bezala argitaratzen. Doinu eta letra batzuk nituen gordeta azken diskorako, eta zerbait berria sortzen nuenean beti pilatu egiten nituen”.
Lau zatitan banatu du lana idazleak. Lehen zatian, testuingurua markatzeko Andoni Egañari eta Anjel Valdesi egindako elkarrizketak ageri dira. Larrañagak kanturako edo dantzarako bertsoak egiteko dituen teknikak azaltzen ditu Egaña bertsolariak; Valdesek, berriz, Kupela fenomenoa nola sortu zen aztertu du. Liburuaren bigarren zatian, Larrañagaren bizipenak kontatu ditu idazleak. Hirugarren zatian ingurukoen iritziak jaso dituzte. Azken zatian, Larrañagak orain arte argitaratutako bederatzi diskoen bertsoak eta letrak jaso dituzte
Argitalpena salgai
Liburua eta harekin batera datorren diskoa salgai daude dagoeneko. Ohiko liburu dendetan, Tirikitrauki musika dendan, Azpeitiko Meola tabernan, Aristerrazun (Aia) eta Markinako Zubiondo tabernan eros daitezke, 22 eurotan. Bestalde, jakinarazi dute Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean Oholtzan saioa grabatuko duela Euskal Telebistak azaroaren 3an, 22:30ean. Azken diskoko doinuak eskainiko dituzte agertokian, besteak beste. Azaroaren 24ean eskainiko ditu Euskal Telebistak Azpeitian hartutako irudiak.