Kattin Madariagak jantzi du Nafarroako Eskolarteko txapela

Kattin Madariagak jantzi du Nafarroako Eskolarteko txapela –

Iruñeko LABAn jokatu zen Nafarroako Eskolarteko Txapelketaren 38. edizioa, iragan ostiralean. Sei bertsolari gaztek hartu zuten parte txapelketan. Arantzako Kattin Madariaga gailendu zen; txapeldunorde, berriz, Kattalin Lizarraga leitzarra izan zen. Biak ordezkatuko dute Nafarroa Euskal Herriko Eskolartekoan.
 
Kattin Madariagak jantzi du Nafarroako Eskolarteko txapela

Oholtza gainean honako lagunak izan ziren: Amaia Fernández Tabernero (Iruñea), Antton Ciriza Saragüeta (Iruñea), Iraun Zestau-Telletxea (Bera), Kattalin Lizarraga Mendia (Leitza), Kattin Madariaga Apaolaza (Arantza) eta Manex Leone Baraibar (Iruñea). Ander Aranburuk aurkeztu zuen saioa, eta Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria eta Nerea Bruño aritu ziren epaile lanetan. 

Lau oinak emanda, azken puntua emanda, hitz bana emanda eta gai orokorra emanda bertso bana kantatu eta gero, lau bertsolari pasa ziren bigarren fasera: Antton Ciriza Saragüeta, Iraun Zestau-Telletxea, Kattalin Lizarraga Mendia eta Kattin Madariaga Apaolaza. Bigarren fase honetan, zortziko txikian ofizioka aritu ziren bertsolariak. Jarraian, lau bertsolarietatik bi sailkatu ziren buruz-burukora: Kattalin Lizarraga Mendia eta Kattin Madariaga Apaolaza. Ganbarako ariketan, puntu banari erantzun zioten, eta azkenik, gaia emanda, bakarka aritu ziren, bertso bana kantatuta. Madariagak eskuratu zituen puntu gehien.

Bertsolari arantzarrak Julio Soto Nafarroako Txapeldunaren eskutik jaso zuen txapela. Beste sari bat ere izan da Nafarroako Eskolarteko Txapelketan, “Oinak buruan” saria. Kasu honetan, Antton Cirizak irabazi du sari hori. Xabier Terreros bertsolariak eman dio garaikurra. 

Kattin Madariagak jantzi du Nafarroako Eskolarteko txapela