Kalean da udazkeneko alea: Lore Jokoak

Kalean da udazkeneko alea: Lore Jokoak –

LORE JOKOAK, BERTSOLARITZA MODERNOA UNIBERTSOAREN BIG BANGA

ERDI ITZALETAN GELDITUTAKO HISTORIAZ GALDEZKA

 

Kalean da udazkeneko alea: Lore Jokoak

 

Bertsozale guztiok ezagutzen ditugu, gehiago edo gutxiago, Fernando Amezketarra, Etxahun, Xenpelar, Iparragirre, Bilintx, Udarregi, Pello Errota edo Pedro Mari Otaño. Memoria txukunagoa duena gai izango da horietako baten datu biografikoa, bestearen ateraldia edo hirugarrenaren bertso sorta buruz kontatu edo kantatzeko. Eta memoria eskasagoa dugunoi ere ez zaizkigu arrotzak suertatuko kontu hauek guztiak. Alegia, bertsogintzaren historiako kapitulu zaharrenen inguruan badago ezagutza partekatu bat.

Bertsolaritzaren historiako beste alderdi batzuk, ordea, dezente gehiago eskapatzen zaizkigu. Zein ziren garai hartan bertsolaritzaren eragile lanetan zebiltzanak? Zein izan ziren euren inspirazio iturri, motibazio eta proiektuak? Non, nola eta nolatan gelditu ziren jasota gaurdaino iritsi zaizkigun bertsolarien biografiak, ateraldiak eta bertsoak? Memoriarik onena duenak ere nahikoa lan zerbait ekartzen.

Bestalde, askotan esan izan da bertsolaritzaren historia modernoa, edo behintzat txapelketena, 1935ean eta 1936an Basarrik eta Txirritak irabazitako txapelekin hasten dela. Ez da egia, ordea, 1930eko hamarraldiko txapelketa horiek aurreko zortzi hamarkadetan egin ziren Lore Jokoetako bertso sariketen garapena izan baitziren.

Hari horri tiraka ere azalduko zaizkigu galderak. Adibidez, zenbateraino dira Lore Jokoak gaurko bertsolaritzaren ardatzen iturburu? Edo, beste bat aipatzearren; bertsolaritzak gurean izandako bilakaera singularra eta hartutako dimentsioa zenbateraino zor zaizkie orduko haiei?

Apur bat bazterrean utzitako sorrera horri eskaini nahi izan zaio, bada, Bertsolari aldizkariaren zenbaki hau, hainbeste entzun ez diren zenbait galderari erantzuteko ahaleginean.

Ale hau eskuratu nahi izanez gero idatzi administrazioa@bertsolari.eus helbidera edo jo ELKAR-en dendetara.

Kalean da udazkeneko alea: Lore Jokoak