Kalean da udaberriko aldizkaria

Kalean da udaberriko aldizkaria –

Bertsolaritza urte osoan fruituak ematen dituen zuhaitza da, eta neguan ere bilketa lan ederra egin dugu, udaberriaren etorrerarekin zuri saski eder hau eskaintzeko.

Gure aspaldiko atezaina den Zaldieroak emango dizu ongietorria, jarraian Itxaro Borda idazlearekin moda zahar eta berriez kalakan aritzeko.

Zorionak guri,

zorionak guri,

zorionak Bertsolari,

zorionak beti!

30 urte bete ditugu! Antxoka Agirre adiskideak azken hiru hamarkadei errepaso sakona ematen dien erreportajea dakar, eta Iñaki Muruak bertso sorta dotore askoa oparitu digu. Duela 30 urte argitaratutako erlikia bat ere erreskatatu dugu zuretzat.

Jon Martin urte luzez aritu da blogari gisa gurean Photoak eginez, hots, berak ateratako argazkiei bertsoak jarriz. Oraingoz zeregin hori bertan behera uztea erabaki du, eta azken urteetako photoak bildu eta horien inguruan idatzi digu, agur gisa.

Aitor Sarriegik txapelketak uztea erabaki zuen duela hiru urte pasa. Bere ahots propioa garatu eta bertsoen unibertsoan lekua aurkitu duenetako bat da beasaindarra, eta bagenuen haren ibilbideari errepaso sakon bat emateko gogoa. Gorka Azkaratek elkarrizketa mamitsua egin dio.

Maddi Soroa ikerketan murgildurik dabil, eta Nola egin bertsolari? artikulua ekarri digu. Bertsolariak zer-nolako konpetentziak landu behar dituen zerrendatu eta horiek bilduko dituen dokumentu bat sortzeari ekin dio, baliagarria izango delakoan bertsoaren irakaskuntzarako eta ikaskuntzarako.

Ttakun-Herren ataleko bertso elkarrizketak bi lagun berriren eskutik etorriko zaizkigu 2021ean zehar: Ane Zuazubiskar eta Haritz Mujika. Ongi etorri!

Elixabete Etxandi bertsolari izpurarrak hautsak harrotzen dituen gai baten bueltako erreportajea dakar gurera: Bertsolaritza eta euskalkiaren auzia.

Sekzio berria estreinatu dugu ale honetan: Perlak. Bertsolari batek gogoan bereziki gorde duen bertso, ofizio edota bertso saio bat ekarriko digu. Sustrai Colinari egokitu zaio aitzindari lanak egitea.

Thomas Nussbaumerrek Gstanzl diziplinaren berri eman digu: Austriako ahozko bat-batekotasuna. Bestalde, Iñaki Iturainek bertso sorta bat bidali digu.

Miren Artetxek eta Beñat Gaztelumendik bertso ibilbidea antolatu digute Donostiako ziudadian, eta azkenengo bi orrialdeetan… sorpresa bat daukagu zuretzat.

Aldizkaria hau eskuratu nahi baduzu hainbat aukera dauzkazu:

  • – Idatzi email honetara: administrazioa@bertsolari.eus
  • – Harpidetu, eta ale honetaz gain iazko lauak ere jasoko dituzu! 29€ urtean.
  • – Jo ELKAR-en dendetara edo galdetu zure liburudendan.

 

On egin!

Kalean da udaberriko aldizkaria

Kalean da udaberriko aldizkaria