Jon Martin lehenengo Seguran, 673,5 puntu eskuratuta
Jon Martin nagusi Seguran, 673,5 puntu eskuratuta
Jon Martinek eskuratu du puntu gehien Seguran ospatu den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketan. Nerea Elustondo izan da bigarren, 665,5 punturekin; hirugarren, Beñat Iguaran, 655,5 punturekin; laugarren, Ander Fuentes ‘Itturri’, 629,5 punturekin; bosgarren, Unai Gaztelumendi, 620 punturekin; eta, seigarren, Felix Zubia, 594 puntu eskuratuta.
Mukuru bete da Segurako Baratze Pilotalekua, 700 pertsonatik gora, bertso egarriz eta txalo gogor jotzeko prest. Batzuk beraien etxeetatik etorri dira, baina beste askorentzako lehenago hasi da larunbata. Izan ere, BertsoTruken aurkezpena egin eta elkarrekin bazkaltzen aritu dira asko, Bertso Eskolen Egunaren aitzakian.
Hasi aurreko frontoiko giro beroari, sintoniak jarri dio urduritasun puntua. Seguran ohitura denez, prozesioan igo dira oholtzara sei bertsolariak. Bost gipuzkoar eta nafar bat, “Itturri”, etxetik kanpo kantatzeko gogoz iritsi dena: “badakizue gonbidatuak ondo hartu behar dira”. Urriaren 1eko galdeketaren bezperan, Jon Martinek Kataluniari egin dio keinu, saioaren bukaera aldera berriz itzuliko den gaia ekarriz.
Zortziko handian bertsoaldi txukunak osatu dituzte. Jon Martin eta Beñat Iguaranek egindakoa izan da agian osoena. Asteburuko bizikletan ibiltzera irteten diren bi lagunen lekuan jarri ditu gai-jartzaileak. Joan den asteburuan txirrindulari bat harrapatu zuten bihurgunetik pasatu berri dira. Bihurguneko lore-sortari begira jarri da Jon Martin:“Zeinen aguro ximeltzen diren/loreak ta oroimena”. Beñatek, ordea, kolpetik aldatu du tonua: “Toki askotan gertatzen dira/Istripua deitzen zaio” eta bigarren bertsoan sakondu du: “Istripu hauxe istripua da/Ta hola hartu beharko/Bestela askotan gure etxetik/Ez ginake aterako”. Jarraian goitik behera josi du Martinek bere hirugarrena:
“Bulegoraino goiz iristera
Butzatzen gaitu enpresak
Gure hobiak azkarrak dira
Ta desioak expressak
Zenbat pertsona hiltzen dituen
Ezin iritsi estresak
Presak jendea hiltzen du baina
Gu beti besteen presak”
Eta, azkenik, bikain itxi du bertsoaldia Iguaranek: “Larunbatean ohean egon/Horixe litzake pena/Guk gure martxa jarraitzea da/Omenaldirik onena.” Punturik puntu, elkarrizketa bikaina haritu dute bien artean.
Jarraian, zortziko txikiko ariketan umoreari eskaini dio tartea. Kolpe onik izan bada ere, ez dute saio borobilik osatzerik lortu. Puntu-erantzunen garaian beste hainbeste gertatu da, gehienak ez dira oso gustura eseri atzera aulkian.
Hamarreko txikian egin du gora saioak. Unai eta Itturri bikote baten paperetik aritu dira. Biek jarri izan dute bikote-harreman tradizionala zalantzan, baina Itturrik harreman irekiagoa nahi lukeela esan dio Unairi. Eroso eta erraz aritu dira elkarri erantzunez.
Nerea eta Jonen txanda iritsi da gero. Gurasoak zaintzeko, txandak egiten dituzten anai-arreben larruan jarri ditu gai-jartzaileak. Bigarren astez jarraian zaintza lanak bere ordez egin ditzan eskatu dio Jonek Nereari. Zaintza nesken kontua bakarrik ez dela esanez hasi du bertsoaldia Nereak eta Jonek, orduan, malgutasun pixka bat eskatu dio. Goitik beherako bertsoarekin erantzun dio Nereak:
“Malgutasuna ez da
Gure arerioa
Baina guztiok dugu
Gure balioa
Gaur kontzertua bihar
da amodioa
Ta etzi auskalo zer
Ez da serioa
Nik ere badut nere
Bizi propioa”
Azkenik, sintoniarekin iritsi da komunerako joan-etorrien garaia. Kartzelan izan da ale ederrik. Honakoa zen gaia: ”Prentsaurrekoa ematen ari zara. Galderen tartean, azken galdera bat egin dizute. Erantzun gabe alde egin duzu.” Nerea Elustondok emakumezkoen Athletic taldeko jokalari baten paperetik kantatu du. ”Nahiz ta soldata milarena den/Esfortzu doblea dela” bota du bigarren bertsoan, eta entrenatzen jarraituko duela ”jo ta ke/ Anekdotiko dirudiena/ Normala bihurtu arte”.
Felix Zubiak aldiz, Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko Presidentearen larrutik abestu du. Eta kartzelara noiz joango den galdetu dion kazetariari honela zuzendu zaio bigarren bertsoan:
”Galdera hor botea dit
Mikrofonodun txerriak
Nik ez daukat erantzunik
Zabal ondo belarriak
Bihar iluntzean da ta
Erantzungo du herriak”
Azkena abestea egokitu zaio Beñati eta lan dotorea egin du Mikel Goñi pilotariaren paperean. Bereziki azpimarragarria izan da bere aurkezpen bertsoa:
‘’Artista nintzan txuriz jantzita
Pelotai fuerte ematen
Artista nintzan patxaran katxi
Bat minutuan edaten
Artista nintzan arrastuaren
Gainetik oker joaten
Droga kontu bat dala medio
Ezagun berriro aurten
Telebistetan irratietan
Latzak ai dira esaten
Behin deskuido izango eta
Ze fama jarri didaten!’’
Ariketa puntuagarriekin amaituta, eta epaileen erabakiaren berri izan eta gero, bukaerako agurrak bota dituzte entzulegoaren esker oneko txalo zaparrada artean. Puntuak puntu eta irristadak irristada, saio dotorea osatu baitute sei bertsolariek.
Bihar jokatuko da hirugarren kanporaketa, Leitzan. Bertan arituko dira: Unai Agirre, Julio Soto, Oihana Iguaran, Agin Laburu, Oihana Bartra eta Iñaki Apalategi. Hau hasi besterik ez da egin..
Jon Martin nagusi Seguran, 673,5 puntu eskuratuta