Iruñeko V. Bertsopaper lehiaketako irabazleak: Enaitz Zestau, Kattin Madariaga eta Eneko Lazkoz
Iruñeko V Bertsopaper lehiaketako irabazleak –
Iragan azaroaren 29an akitu zen Iruñeko V. Bertsopaper Lehiaketan lanak aurkezteko epea. Cesar Etxeberriak, Eneko Fernandezek eta Saioa Mitxelenak osatutako epaimahaiak ebatzi du aurtengo sariketa. Guztira, 27 lagunek hartu dute parte, 28 lan ezberdinekin (11 A kategorian, haurrenean; 3 B kategorian, gazteenean; eta 14 C kategorian, helduenean). Horietatik bederatzi izan dira sarituak, kategoria bakoitzeko hiru.
A kategorian, 2011n edo ondoren jaiotakoenean, Enaitz Zestau Telletxeak eskuratu du lehen saria, Itzaleko argia izeneko lanagatik. Epaimahaiaren arabera, “gaurkotasun handiko Palestinako gaia jorratzen du” bertso sortak, “doinu solemne egokia erabiltzen du, eta bukaeran positibismo apur bat ere nabaritzen da”. Bigarren saria Araia Irigibel Terrerosentzat izan da, Mundu eder bat bada izeneko lanagatik. Sare sozialen inguruan diharduen lana da, “zortziko txiki arin eta polita”. Hirugarren saria Enaitz Zestau Telletxearen Sakelekoa lanarentzat izan da. “Neurriaren aukeraketa ausarta” azpimarratu du epaimahaiak, “txukuna eta freskoa”. Kategoria honetako irabazleek 150, 100 eta 50 euroko kultur bonoak eskuratu dituzte, hurrenez hurren.
B kategorian, 2007 eta 2010 artean jaioetakoenean, hiru lan aurkeztu dituzte guztira. Iaz bezala, Kattin Madariaga Apaolazak irabazi du aurten ere lehen saria, Hainbertze gauza pasatzen dira lanarekin. Sorta horrek “neurri luzea baliatzen du, hitz joko onak ekarriz” epaileen arabera; “Palestinari buruz heldutasunarekin eta sakontasun handiarekin hitz egiten du, hausnarketara bideratuz”. Bigarren saria ere Kattin Madariagarentzat izan da, Hasieran ez zegoen ezer lanagatik. Epaimahaiaren arabera, “neurri motza bikaineko moduan erabiltzen du” sorta horrekin: “gai arin batekin, testuari kalte egin gabe hitz eta erritmo joko politak lortu ditu”. Hirugarren saria, azkenik, Kattalin Lizarraga Mendiak eskuratu du, Txirrina kantari lanarengatik. Testu horretako “detaille txiki askoren erabilera” nabarmendu du epaimahaiak: “nerabe baten egunerokotasunaren inguruko kontakizuna oso ongi irudikatzen da kontakizunean”. Irabazleek 350, 200 eta 150 euroko ordainsariak eramango dituzte, hurrenez hurren.
C kategorian, 2006 edo lehenago jaiotakoenean, helduenean alegia, Eneko Lazkoz Martinezek irabazi du lehen saria, Inoiz ez da berandu! Edo agian bai? izenburuko lanarekin. Epaimahaiaren hitzetan, “teknikoki oso lan ona” da Lazkozena, “gai konplexua, bide ez errezenetik jorratua”. Bigarren saria Joanes Illarregi Marzolen Manuelen ahotik lanarentzat izan da. Kasu honetan, “Manuel Lasarte bertsolariaren lehen pertsonatik, egungo gizartea erakusten digu”, horretarako “hitz joko eta errima izugarri aberatsak” erabiliz. Hirugarren saria, azkenik, Erika Lagoma Pombarentzat izan da, Inozentzi: garbitzen duena lanagatik. “Hitanoaren erabilera egokia” nabarmendu du epaimahaiak, “emakume garbitzaile baten bizipenak deskribapen ederren bidez kontatzen ditu”. Irabazleek, 1.500, 1000 eta 500 euroko sari bana irabazi dute, hurrenez hurren.
Sorta irabazleak hemen.
ENEKO LAZKOZ MARTINEZ
Inoiz ez da berandu! Edo agian bai?
C kategoria – 1. saria
DOINUA: Harrotasunik bada
Batzuetan ahaztuak
ezin gogoratu,
besteetan ahanztura
ezin geroratu.
Zenbatetan ez ote
naiz gauez lokartu
sentimenduak ezin
ongi kolokatu?
Nahiz eta kontatu,
ez zaitez tronpatu!
Ez nuke nahi biktima
moduan kokatu
baina ez zait bizitza
erreza tokatu.
Baten aurreiritzi,
bestearen epai,
zenbatek ez ote nau
izan hizketagai?
Baina nire gabezi
eta nire dohai,
nik pozik bizitzea
baino ez nuen nahi!
Berdin irriz alai
nola malkotan blai,
horrenbeste denbora
eman ondoren zai…
inoiz ez da berandu!
Edo agian bai?
Azken boladan bihotz
barruko arantza
ziztadaka hasi zait
bilintzi –balantza.
Hitz egiteko behar
handia du antza,
deika ta deika hogei
egun daramatza!
Buruak mudantza
iraganerantza,
polita denez nire
bizitzako martxa,
hartu edo ez hartu
hori da zalantza.
Gu bezelakoz lepo
dago gizartea,
perfektua gutxitan
da senitartea.
Aspaldi apurtu zen
gurean katea,
neronek eraiki dut
nire izatea.
Antsietatea
joaz atakea…
Igual onena gauzak
argi esatea;
hartuko diot eta
ondoren bakea!
Nahiz eta zilegi zen
egitea muzin,
ez dakit nahi ez edo
den ez nahi ta ezin…
Erantzun egin diot
lehor bezain gordin
berandu hasi den hau
azkar buka dadin:
“Etetean ring-ring
hotsa barruak min!
Behar zenuenean
deitu duzu arin,
nik behar nuenean
ez zenuen egin!”
Hizketan hasterako
nintzen belarri zut
eta esandakoak
hala entzun ditut:
“Urtetan izan gabe
elkarren berri guk,
zurekin elkartzea
gurari hori dut.
Gaur azalpen batzuk
eman nahi dizkizut,
nahiz eta ez didazun
ezer zor niri zuk
bigarren aukera bat
eskatu nahi dizut”
Kolpetik bihurtu zait
mingaina aizkora
nahiz eta tonu hortan
ez ari gustora.
Bigarren aukera bat?
Hori nondik nora?
Berpizterik ba al da
galdutako lora?
Kolpetik ganora
sartu al zio ba?
Pasatakoa ez da
itzultzen gerora,
berreskuragaitza den
zerbait da denbora.
Ni silletan sarturik
soinean pijama
eta egun osoa
tabernetan barna…
Gizarte zerbitzutan
piztu zen alarma,
bideratu ninduten
amonarengana.
“Gaur otzan-otzana
zatoz niregana,
bai, zu zara bizitza
eman zenidana,
baina izan al zara
inoiz nire ama?”
“Ez dut asko luzatu
nahi elkarrizketa,
nahiago dut deiari
ixtea krisketa.
Nigana hurbiltzea
da zure apeta
baina pentsatze hutsak
belztu dit kopeta.
Gaur zugan arreta
jartzen zertan neka?
Erantzunik gabeko
galderaz beteta
zegoen hutsune bat
izan zara eta!”
“Beraz bazara norbait
osatu nauena
baina hutsune forma
eduki duena.
Kostata ahal izan dut
barneratu dena,
bidean irabazi
eta galdu dena.
Hautatu zutena
zen zentzudunena.
Amona izan zen ni
zaindu ninduena,
berak egin zuen zuk
ezin zenuena.”
“Ez pentsa ez natzaizu
gorrototik ari,
eman zenidalako
bizitza opari.
Baina sortu zenidan
gabezi ugari
eta atzean utzi
zintudan aspaldi.
Noizbait belaunaldi
berri bati adi
jartzen banau bizitzak,
zor diot berari:
Berdin ez egitea
nire umeari!”
“Ez zuzeneko zita
behartu, bortitza.
Ez senitartekoen
bitartekaritza.
Biok egitekotan
elkarrekin hitza,
biok nahi izatea
da lehen baldintza.
Nik zurekin mintza
nahia dut murritza!
Asmo onekin baina
berandu zabiltza,
zu gabe eraiki dut
nik nire bizitza”
“Hainbeste buruko min
eta terapia
dira nire ezezko
honen zergatia.
Bion artean nahi dut
distantzi zatia,
hortaz hobeto dago
dei hau ebakia.
Bai, erabakia
dut erabat ia,
baina noizbait utziko
banu lubakia?
Agendan gordeko dut
Zure zenbakia