Iruñeko saioa, hirudiak eta sailkapenea
Iruñeako saioa, hirudiak eta sailkapenea
Manex Mantxola
Larunbatean erabaki zen, Euskal Herriko hiriburuan, nortzuk kantatuko duten BECeko finalean. Saio ederra, baita osteko parranda ere. Alerik onenak ordu txikitan joan baziren ere, arrazoiren bategatik ez ziren hain gogoangarriak izan. Gauzak horrela, nere memoriaren mapan biziraun duten irudi apurrak komentatzera mugatuko naiz:
Indartsuena, lehena, Miren Amuriza, miresgarri. Gogorra da gorputzak buruari jarraitu ezin dionean. Hala ere, lortu zuen elurretan aldapan gora bizikleta zulatu batekin joanda ere, besteekin batera helmugaratzea, epikoa. Finalerako hautagai serioa zen, meritu guztiak eginda gainera. Baina dirudienez, hala izan baita Unai Agirreren kasuan, bi aldiz deitu beharra dago BECeko atetik sartu ahal izateko, Mirenek eman du lehen kolpea, pena bakarra lau urte gehiago itxaron beharra. Beno, beti geratuko zaigu plaza.
Bigarren irudia, bi gizon guri bertsotan. Aitor Sarriegi eta Unai Agirre anorexiaren gaiarekin, ezarritako gidoitik at eta publikoko gehiengoaren gozagarri. Baliteke arinkeriaz aritu izana, edo arintasunez, bakoitzaren arabera. Egia da gaia bigarren planora pasa zela, eta sabelak lehenengora. Egia den bezala, gaia jarri orduko espektatiba bat sortu zela entzulearengan, bertsolariagan bakoitzak proiektatzen duen irudian oinarrituta. Hobeto egin zitekeen? Bai. Gaizki egin zuten? Ez, nire ustez.
Hirugarren hirudia: hiru goran, hiru behean, sailkapenaren irudipena:
Aitor Sarriegi Galparsorok merezita irabazi zuen. 698,5 puntu. Ofiziotan bikain, kartzelan tope. Gaur ez omen da lanera azaldu.
Aitor Mendiluze speedy Gonzalez, 696,5 km/h. Beti bezain azkar, Durangon baino lurtarrago, distiratsu tarteka. Inork ez du berak bezala erantzuten. Izatekotan, bakarkakoan dauka hobetzeko marjena.
Unai Agirre Goian, paxkuali geldiezina pendizan gora. 696 puntu atoira eta finalerako txartel horitu bat. Karmari Patxi Bakallo deitzen dio.
Honaino, sailkapenea.
(hutsune poetiko bat)
kax-kax..
652 punturekin Miren Amuriza Plaza-andrea. Onenean egon ez arren, saio aparta. Biak egin zituen, sufritu eta gozarazi. Zortziko txikian zorrotz, are hobeto hamarrekoan Oihanarekin eta kartzelakoa borobila. Ezin da gehiago eskatu.
649,5 Alaia Martin aupa Etxebeste! Ez zuen lortu Baigorriko maila berdintzea, badakigun arren gehiagorako ere gai dela. Kantakera, hitz-jokoak, ateraldi ederrak eta Hiztegi Errimatuari edizio berri bat egiteko moduko errimategia utzi dizkigu. Aurten akaso ez du lortu txapelketari neurria hartzea, baina izango dira gehiago.
646 Oihana Iguaran Barandiaran, abizenek ere errimatzen diotena. Bakarkakoan asmatu ez arren, sekulako saioa egin zuen, tarteka aurretik sailkatutakoen gainetik. Puntuz exkax, beraz, finaletik at. Hala ere, abiadura bizia hartu du Gipuzkoako Txapelketatik honainoko bidean. Bejondeiola!
Honenbestez, honako hau da BECeko finalean arituko den zortzikotea:
Amets Arzallus Antia
Maialen Lujanbio Zugasti
Aitor Mendiluze Gonzalez
Igor Elortza Aranoa
Sustrai Colina Akordaerrementeria
Aitor Sarriegi Galparsoro
Beñat Gaztelumendi Arandia
Unai Agirre Goia
Lobby giputxia kontent. Parekidetasunean ere, Euskal Herrian ezin zitekeen bestela: zazpiak, bat. Beste behin, zazpi gizon eta emakume bakarra finalean. Beste final bat bi emakumeren arteko elkarrizketarik gabe, beste bat Maialen Lujanbiori bere larrutik baino, oholtzako emakumeen ordezkari gisara kantatzea egokituko zaiona, berak nahi ala ez, egoerak hala behartuta. Eta galdetzen dut: final laurdenetan igaro zen emakume kopuru susmagarria kontuan izanda, finalera igaro direnena ez al da susmagarriagoa?